ATZO Eusko Legebiltzarrean osoko bilkura bizi izan zen. Legealdiaren erdian gaudenean kontu ematea eta hartzea, eztabaida emankorrak eta antzuak... denetik egon zen politikaren egoitza nagusian. Lehendakariak errealismoa eta konpromisoa erakutsi zituen eta eginkizun dagoenari begirako neurri-multzoetan hiritarren ongizatea izan zuen helburu. Talde politikoen bozeramaileen ahotsetan nabariak izan ziren diskurtso biziak eta zurrunak, zaharkituak eta berritzaileak, adostasunerako dei edota aldarriekin batera.

Halere, gaurkoan gai honi buruz jarduteko tentazioa baztertu egin dut. Batetik, asko direlako lehen orduko analisietarako aukerak. Bestetik, Legebiltzarreko web orrian saio osoaren berri jaso eta ostiraleroko zutabe honetan egin asmo dudalako atalez atal osagai nagusiak josten joateko ahalegina.

Jose Luis Escrivá ministroa dakart gaurkora. Bere iritziz, fiskalitatea gai teknikoa da. Ideia hori abiaburu, lasai esan du fiskalitatea erkidegoei lagatzetik arazoak baino etortzen ez direnez, berzentralizatzea dela soluzioa.

Argi erakutsi du beretzat armonizazioa ez dela bidea. Are gutxiago zerumugan ere ez duen euskal autogobernu aitortua. Australiako eredua omen da egokia. Halaxe azaltzen du berak: finantziazioa ezartzen da hiritar bakoitzak zerbitzu publikoetan egiten duen gastuaren arabera. Horraino entzunda, lehen galdera bat, adibide gisa muturrera joanda, zerbitzu publikoak erabiltzen ez dituzten hiritarrek ez dute zergarik ordaintzen? Eta bigarrena, hori da Escrivá ministroarentzat egokiena? Arinkeriz hitz egiten duenak arinkeri bera erabiltzeko joera izaten du ereduak aztertu orduan.

Bitartean, (i) fiskalitatea da gai politikoen artean politikoenetakoa; (ii)ez da egia Gernikako Estatutua betetzeko fleko teknikoak gelditzen direnik; (iii) gai politikoen flekoak beti dira politikoak, bai tresna tekniko konplexuak behar direnean ere; (iv) denontzako zerbitzuak solidarioki ordaintzea da demokraziaren sendoatsunetako bat.