PSOE terapia egitera doan gaixo bat balitz, psikologoak helburuak definitzearen garrantziaz aholkatu beharko lioke. PSOE nobela errealista bat balitz, generoaren ezintasuna adierazten duen nobela litzateke. PSOE tragedia bat balitz, derrigorrez agertu beharko lirateke jainkoak zeruan gizakion ergelkeriez barrezka. PSOE sainete bat balitz, hoberena litzateke. PSOE pintura erakusketa bat balitz, hainbat arte modernori begiratzen zaion mesfidantza eta harriduraz begiratuko liokete ikusleek. PSOE asteburu bat balitz, ez litzateke larunbat arratsaldea oraindik promesez betea. PSOE burtsako balore bat balitz, errazegia da txistea badakit, zabor bonoa litzateke. PSOE lore bat balitz, arrosa zimeldua litzateke. PSOE ehiztari bat balitz, bere buruari egingo lioke tiro harrapakinari ari zaiolakoan. PSOE maldizio bat balitz, mekatxis litzateke. PSOE ideia filosofiko bat balitz, kiratsa usainduko litzateke Platonen Ideien Hai-tzulo hartan. PSOE zientzia fikzioa balitz, errealismoak ez luke neurririk. PSOE jaki bat balitz, letxuga soila litzateke. PSOE ameba bat balitz, ez luke ADNrik. PSOE droga bat balitz, ez luke joko. PSOE eguraldi mota bat balitz, eguerdi hits triste horietako bat izango litzateke. PSOE nortasuna zehazten dion izenondo baten bila ariko balitz, xinxangre agertuko li-tzaioke bidera. PSOE aldarte bat balitz, ezinegona eta nazkaren arteko hori litzateke. PSOE euskalduna balitz, bi euskaldun hiru alde leloari jarraiki, zatiturik izango litzateke. PSOE Gerra Zibilera itzuliko balitz, hildakoek amorruz altxatuko lirateke hilobi-ezpondetatik.PSOE gauzak aldatzearen alde balego -ez dut esaten iraultza egin, aldatu bakarrik?- autosuntsiketa botoi gorria izango luke. PSOE partidu politiko bat balitz, ezin kabituko litzateke PSOE PSOEn. PSOE 82 PSOE hura balitz, oraingo PSOE bezain galdua legoke. PSOE PSOE balitz, fisika kuantikoaren oinarriak dardara egingo lukete. PSOE ezkerrekoa balitz, oximorona litzateke.