Norbaitek sinestarazi digu gure iritzia garrantzitsua dela, baliagarria, eta ezin diogula eutsi gure barruan. Kultura kritikoak ez du berez gauza txarrik, baina kritikak beti norberaren alde egiten dutenean, agian berrikusi behar dira zerbait kritikatzera garamatzaten arrazoiak, agian dena zalantzan jartzeko funtsa ezin da berekoikeria izan.
Jo dezagun egunero erabiltzen dugun autobus konpainiako langileek greba egitea erabaki dutela, eta X egunean ezingo dugula erabili zerbitzu hori ohiko moduan. Niri ondo iruditzen zait baina? Baina zer? egun batez norbaiti fabore bat egin, bere eskubideen defentsa zilegi dela onartu eta zure eguneroko errutina aldatu beharko duzu? bada aldatu, akaso zerbait berria ikusiko duzu bidetik, zerbait berria ikasiko.
Beste adibide eguneratuago bat. Elurrak uste baina kalte gehiago eragin du gurean, eta sortzen den anabasaren harira, hainbat zerbitzu ezin dira era arrunt batean eskaini. Behar den moduan jakinarazi dute, edo ahal den moduan hobeki esanda, eta gure plangintza zertxobait aldatu beharko dugu egun horretan. Bazuten aurreikusita izatea! denok genekien elurrak egin behar zuela! Zer egin behar dut nik orain? nola mugitu? zer egin seme alabekin? pentsatu, moldatu, hartu bat-bateko erabaki bat, ez da mundua bukatu, soilik alterazio txiki bat da, animo, egin dezakezu.
Osabak kontatzen du nola behin aitonari lagundu zion ogasuneko paperen bat betetzera, eta bertan ordu luzez zain egon ondoren eta egokitu zitzaion langilearen erantzun txar baten ostean, aitonak asaldatuta erantzun egin ziola, mindu zuelako berekin izan zuten jarrerak. Aitona ez zen erraz haserretu eta kexatzen zen horietakoa, gutxiago estatuaren boterea hain agerian agertzen zuen eszenatoki batean, ziren garaiak zirela gainera, baina zerbaitek ukitu egin zuen barrenean, eta esateko beharra sentitu. Behin kexatu zela gogoratzen gara familian, behin.
Gaur egun edozein zerbitzu eskaintzen duen langileak ziur izango duela tentu handiagoa bezeroari arreta emateko garaian, sistema bera ez delako hain hermetikoa, eta hori positiboa da, eta aldiz kexatzea doan delako. Ez duzu sikiera aitonak egin bezala aurpegia eman beharrik, e-mail koldar bat askoz eskurago daukagu. Akaso aurrez prestatutako inprimaki bat ere izango dute, hain garrantzitsuak diren zure eskubide horiek ozen baina baxuago aldarrikatzeko. À la carte.
Eskubide kolektiboei arreta gehiago eman beharko genieke ordea, eta ez hainbeste nia, nire denbora, nire ongizatea etengabe defendatzeari. Erabakiak sarri guztien hobebeharrez hartzen direla konturatzea gauza ederra da, eta imajinatuko bagenu ez direla gu kaltetzeko helburu hutsez sortzen, txapeldun.