ESPAINIAR nazionalismoa gainezka datorren honetan, Gernikako Estatutuaren erreforma martxan ipin-tzea oso desegokia izan daiteke, uholde patriotikoa Espainia espainarraren herri eta hirietara heldu delako rojigualdaz josirik eta Kataluniaren desafekzioak oso giro txarra eragin duelako autogobernua handitzeko egitasmoan abiatzeko. Nazio espainiarrak bere zerbitzurako dituen instituzioetatik eta orobat azken boladan oldakor eta zakar dabiltzan milizia judizial, akademiko eta politikoengandik ezin daiteke ezer onik espero. Izan ere, dagoeneko batzuk hasi dira Kontzertu/Konbenio Ekonomikoak desagertarazteko asmoak zabaltzen. Hor dira, besteak beste, Katalunian olatu espainarzalea burutu dutenak edo Andaluzian ERE delako iruzur tantaia antolatu zuen alderdia, biak Kataluniaren autogobernuaren aurkako jarrera Euskal Herrira ere hedatzeko gosez.

Edozelan ere, lau hamarkadaren ondoren, estatutua aldatzeko garaia heldua dela bistan dago. Euskadikoa da autonomia estatutu bakarra gaurkotzerik izan ez duena eta hamarkada hauetan Europari atxikirik izateak mutazio sakona eragin du testuan. Ezen gure erkidego autonomoaren eskumen asko eta asko Europar Batasunarekin partekatzen dira eta, Europan euskal instituzioek partehartzerik ez dutenez gero, autogobernurako baliabide eta ahalmenak praktikan galdu egin dira. Eraldaketa hauek instituzio zentralen mesederako gertatu dira eta horrela espainiar nazioaren erakundeak indarturik geratu dira Europari esker. Urte hauetan, autonomiaren ahulezia Europaren eraginetik ez ezik beste iturri batetik ere etorri da, hain zuzen Espainiatik bertatik heldu izan diren lege eta auzitegien ebazpenen bidetik. Konstituzio Auzitegia buru belarri ibili da autonomia jibarizatzen nazio espainiarraren organo leial gisa. Behin eta berriro kimatu ditu autogobernuaren adarrak, hainbat arlotan autonomia bonzai bihurtu arte. Direla oinarri legeak, lege organikoak edo errege-dekretuk, Konstituzio Auzitegiak interpretazio zabal baten bitartez onartu egin ditu euskal legediaren kalterako ebakitze eta mozteak. Kontrako zentzuan ordea Kontituzio Auzitegiak euskal normatiba oso zorrotz interpretatu du autonomiari garapenik ez emateko.

Urte hauetan ere agerian geratu da 1979ko erreferendumean herriak onartu zuena ez dela inoiz indarrean sartu izan. Euskadiko Legebiltzarraren arabera, oraindik 37 eskumen transferitzeke omen daude eta beste 25 Nafarroari. Gertatu denak bistan utzi du Euskadi edo Kataluniarekin 1979an adostu zena ez zela izan autonomiaren garapenerako abiapuntu baizik helmuga. Areago, arestian aipaturiko estatuaren legediak, auzitegien ebazpenak eta Europaren integrazioaren eraginak 1979ko autonomiaren marra atzerantz eraman dute. Urte hauetan bloke monarkikoaren partaide direnek behin eta berriro errepikatu izan dute estatutuaren aldaketak konstituzio markoaren barruan egiteko direla, eta aldaketak ez balitez hartara egoki, ez dituztela onartuko. Baina ezaguna denez, konstituzioa erreformatzeko asmorik ez dago, are gutxiago horren bitartez Euskadiko edo Kataluniako autogobernuak zabaltzeko, Nou Estatut eta lehenago Ibarretxeren Planarekiko trataerak erakutsi dituen legez. 155eko Blokea espainiar konstituzio erreformaren inguruan itxurakerietan dabil, hura gerokotu izan delako ad kalendas grecas, hau da, egutegirik gabe.

Panorama hau ikusita, proposatu berri da autonomia berritzea konstituzioaren xedapen gehigarrian aipu egiten zaien eskubide historikoen bitartez. Giro balego Madrilen, horixe izan liteke bidea. Alabaina, aspaldi honetan judikaturaren eta klase politiko espainiarrean jaun eta jabe dabilen neofalangismoaren ikuskera Spanien über alles delakoarekin ez dirudi ate hori irekirik izango denik konponketa demokratikorako. Noiz eta auzitegiak arma politiko bihurtu dituzten eta judikaturaren Armadak denik eta interpretazio groteskoena ematen dion legediari -esaterako, errebelio eta sedizio delituei edo behin behineko espetxeratzeari-, zigor kodea mendeku tresna interpreta-tzen den garaian, ez dirudi eskubide historikoen iraganbide hori ibilgarri izan daitekenik epe laburrean. Horrek ez du ez esan nahi eskubide historikoak berreskuratzeko beharrik ez dagoenik, Aitzitik, pase foralaren edo legalitate kontrola izan zenaren ahalmena berreskuratzeko beharra ezinbestekoa da. Ezinbesteko da orobat, horri loturik, juztizia sistema propioa berriro izatea, besteak beste. Ez dezagun gogotik gal 1839an eta 1876an lege abolitorioarekin eta Nafarroa Garaiarako 1841eko legearekin ezabatu zituzten instituzioek Espainiarekiko lotura konfederala egituratzen zutela, eta liberalismo zenzitarioak, konkista zuzenbidean oinarriturik, Canovasek argi esan zuenez, espainiar marko konstituzional unitarioa inposatu zuela.

Desmotze foralak, hiru probintzei dagokienez, hamarkada batzuetan zehar iraun zen 1876ko Lege Abolitoria Korteek aprobatu zuten arte. Ordurako hego Euskal Herria lurralde konkistatua eta okupatua zen, egundaino den bezala. Nafarroa Garaian, konkistaren azken kolpea mozorrotzeko, asmakizun politiko terminologiko batzuk erabili ziren, Nafarroaren borondatezko anexioa edo Lege pakzionaturena, adibide. Hala ere, 1978ko konstituzioaren testuan eta autonomia estatutu bietan aipamenak egiten dira eskubide historikoez. Gernikako Estatutuan zein Nafarroako Foru Hobetzearen legean -hau ere beste eufemismo bat konkista eta okupazioaren ondorio juridiko politikoa mozorratzeko- lurralde foralei dagozkieken eskubide historikoei erreferentzia egiten zaie binako xedapen gehigarrietan, aipaturiko eskubide historikoak ez zirelako desagertu Nafarroak eta euskal instituzioek nahi izan zutelako, ebatsi egin zituztelako baizik. Espainian egiatan demokraziarik balego, halakoan oraingo demokratikoan Nafarroaren eta Euskadiren instituzioek libreki beharko lukete erabaki haien (eskubide historikoen) berreskuratzeaz edota Espainian segitzeko edo berenezko estatu egiteaz. Hau guztiau, ondo dakigunez, fantasia hutsa da gaurko soi dissant espainiar demokrazian.

Sustraian eta funtsean, eskubide historikoek erreferentzia egiten diote euskal populuaren subiranotasunaren galerari. Ebro eta Garona ibai ertzen barrenean garatu den kultura juridiko politikoan dute jatorria eta beronen adierazpen instituzional gorena Nafar Estatua izan da. Nola hamaika eginahal egin arren, ez baitute lortu euskal gogotik memoria hori ezabatzerik, Euskadik bizirik dirau, eta nola Espainiak ez baitu nahi Euskal Herria eta Katalunia nazio gisa ezagutu, haien arteko harremanak arazo politiko izaera izan dute historian zehar. Nazio espainiarraren supremazismoa manten-tzeko, Espainiak Euskal Herria eta Kataluniari ez die erabakitzeko eskubidea ezagutu nahi, eta horrexegatik, arazo politiko dena judizializatu egin du eta independentismoa kriminalizatzeko ahaleginetan ere badabil. Gurean, baldin benetan eskubide historikoak berreskuratzeko nahia balego, lehenik eta behin euskal jendea gure iragan horretaz jakitun jarri beharko litzateke. Eskoletan eta gazteetatik hasita.