FRANCO hil ondorengo urteetan, hamaika manifestaziotan entzundako oihua: "zer eskatzen du herriak?". Hiru bider errepikatu oihua eta erantzunak, askatasuna, independentzia, amnistia osoa, hurrenez hurren (hori da, behintzat, buruan gordeta dudana). Ordutik hona askotan pentsatu izan dut nolako joera izaten dugun herria gu ta gutarrak garela pentsatzeko. Manifestazioetan konbentzimendu osoz hori eskatzen zutenek/genuenok bagenekien -batzuek behin-tzat bai- bazirela bestelakorik nahi zutenak ere; baina ziur geunden gehienen eskaria eta pentsamoldea jasotzen zutela gure oihuek. Asko aldatu da euskal gizartea garai haietatik hona. Ez orduan eta ez o-rain ez da erraza herriak zer nahi duen, zer eskatzen duen jakitea. Neurri batean (ba-tzuentzat neurri handiagoan beste ba-tzuentzat baino, ziur) hauteskundeetan "hitz egiten du" herriak; besterik ez bada, alderdi politiko batek eta besteak aurkezten dizkion programak ikusi eta aukerak egiten ditu; baita, askotan, etxean geratzea ere. Joan den urrian izan genituen azken hauteskunde autonomikoak eta guztiok dakigu zein izan ziren emaitzak. Hauteskunde aurretxoan kazetari batek zioen bezala, datu guztiek aditzera ematen zuten gehiengo abertzale zabala izango zela Eusko Legebiltzarrean, aspaldiko partez. Abertzaleek 48 eserleku lortu dituzte, ia bi heren.
Inkestak izaten dira herriak zer nahi duen, zer eskatzen duen jakiteko beste baliabideetako bat; beren muga guztiekin, esango nuke balio dutela une jakin batean gizartearen zati handi batek zer pentsatzen duen jakiteko (ondo eginak baldin badira, jakina). Gure artean ezagunak dira aldiro-aldiro gizarteratzen diren Euskal Soziometroak, azkena 2013ko otsailekoa. Modu askotako informazioa ematen digu inkesta horrek, nire iritziz, baliagarri zaiguna herriaren kezkak zein diren jakiteko. EAEko hiru arazo nagusiak zein diren galdetzean, %84k erantzun zuen lan merkatuari lotutako arazoak zirela; %30entzat, arazo ekonomikoak, eta %17rentzat, politikari lotutako arazoak. Autonomia Erkidegoaren ikuspegia utzi eta norberaren eguneroko bizitzan zentratuz gero, %64k eran-tzun zuen lan merkatuari lotutako arazoak zirela kezka nagusia; %24rentzat arazo ekonomikoak ziren beren kezka nagusia; eta %17rentzat, osasuna, osasungintza, Gizarte Segurantza. Argi dago lan merkatuari lotutako arazoak direla nagusiak herritarrentzat, bai gizarte osoaren ikuspegitik, bai norberaren ikuspegitik ere.
Jaurlaritzak zein helburu izan behar lituzkeen galdetuta, %78k esan zuen langabeziaren kontrako borroka zela helburu nagusia; %31k, krisi ekonomikoa kudea-tzea; %20k, iruzur fiskalaren eta ustelkeriaren aurkako borroka.
Zein dira neurri garrantzitsuenak krisi ekonomikoaren aurka borrokatzeko? Enplegua eta formazioa bultzatzea %62ren eran-tzuna; gazte ekintzaileei laguntzea %45ena; iruzur fiskala kontrolatzea %35ena; etxe-kaleratzeen kontra familiak babestea %33rena; enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei laguntzea %31rena, etab.
Gaurko egoera ikusita ez dute azalpen handiegirik behar norberaren kezka horiek, eta, aldi berean, kezka horien arabera guztiz logikoak dira emandako eran-tzunak Jaurlaritzak izan beharko lituzkeen helburuei dagokienez. Batez ere, kontuan hartzen badugu %42k adierazi zuela soldata edo pentsioa izoztu diotela azken urteetan; %41ek lanpostua galdu du; soldata murriztu zaio %38ri eta lanaldia derrigorrean gutxitu %23ri. Areago, %8 dira lau egoera horiek eragin dietenak; lau horietatik hiruren eragina izan dutenak %12; bi, %20; bat, %32 eta horietako bakar batek ere ez du eraginik izan %27rengan. Beraz, inkestatuen %27 da lan-baldintzetan edo enpleguan inolako eraginik izan ez duena. Eta, jakina, oso antzekoak ziren ehunekoak 2012ko ekainean eta urrian ere! Hau da, sozialistak Jaurlaritzan zeudenean, egoera horiek ez baitira aste batetik bestera alda-tzen.
Uste dut orain arte aipatu ditudanak badirela gaur herriak eskatzen dituenak, herria kezkatzen dutenak. Horren aurrean, zer egin du, zer egin nahian ari da Eusko Jaurlaritza? Egonkortasunerako akordioa lortu nahian, Urkullu lehendakariak bi mahai-mota bildu nahi ditu: bata, erakundeetako ordezkariekin; bestea, alderdietako buruekin. Zein helbururekin? Hazkunde ekonomikoa lortzea eta enplegua susper-tzea; eta horretarako, mahai gainean jarriko du zerga-sistemaren erreforma, enplegua sortzeko plana egitea, iruzurraren aurkako borroka edo sektore publikoa berregituratzea. Zergatik bi mahai? Guztiekin kontatu nahi duelako eta PSE-EE ez dagoelako Foru Diputazioetan.
Ez hori bakarrik, defizita malgutzeko aukera egon daitekeelakoan, hortik sortuko liratekeen diru-sarrerak (zehazkiago esateko, zorpetze handiago batetik etorriko liratekeen diru-sarrerak) nola banatu aztertzeko, aste honetan bertan bildu ditu erakundeak: hiru Foru Diputazioak eta Eudel. Zertara bideratu nahi du Jaurlari-tzak diru hori: azpiegituretara, hau da, herri-lana sortzera; Enplegu Plana finan-tzatzera (tokian tokiko enplegu-planak finantzatzeko, zailtasunak dituzten kolektiboak laneratzeko, eta gazteen lehen lan-esperientzia laguntzeko); eta, hirugarrenik, ekintzaileei laguntzeko.
Ez ditut hain urrun ikusten herritarren kezkak, haien ustez Jaurlaritzak behar lituzkeen helburuak, eta lehendakariak mahai gainean jarri duena. Nolako harrera izan dute proposamen hauek? Nahikoa zer esan eman du Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren jarrerak. Akordio hitza saihestu hasieran, eduki eskasa iruditu omen zaio, eta biharamunean airean utzi hurrengo bileretan parte hartuko duten ala ez. Lehenik jakin nahi dute benetan aukerarik ba ote dagoen defizita malgutzeko, eta zenbatekoa den aukera hori. Eta ondoren Ba-tzar Nagusiei omen dagokie erabakitzea zer zorpetze-mota aukeratzen duten Gipuzkoarentzat, eta zertan erabili nahi duten hortik letorkeen dirua. Eta orain arte zertan eman dituzte bi urte hauek? Non daude Gipuzkoako planak eta egitasmoak krisiari aurre egiteko, herritarren kezka eta beharrei erantzuteko, enplegua sortzeko?
Eta alderdi politikoek? Guztiei egindako gonbita zela ikusirik, PSE-EEk berehala azaldu du ez duela inolako akordiorik nahi PP tartean bada. Berriro ere ahoa bete hortz! Alderdi Popularrak, jakina, berehala oroitarazi dio ez zioela horrelakorik 2009an, 2010ean edo are 2011n. Ez ziela muzin egiten popularren botoei Ajuria Enean egoteko balio zienean. EH Bilduk bestelako politika ekonomikoak nahi ditu. Bileran parte hartuko dute, baina susmoa azaldu dute "itxurak egiteko" bestetarako ez dituela deituko lehendakariak. Konpli-tze aldera deitzen omen die lehendakariak, baina egiaz PSE-EEri begira omen dago. "Gure proposamenak argi azalduko ditugu, nahiz eta susmoa dugun berriro ezezkoa jasoko dugula" adierazi du Pello Urizarrek. PSE-EE joango da lehendakariaren proposamenak zein diren entzutera, baina "akordio handi bat" proposatuko omen dute. Ez dakit norekin egin nahiko duten akordio handi hori, ezta zein eduki izango duen ere.
Ez da harritzekoa herritarren %37k interes gutxi azaltzea politikarekiko; eta %36k, batere interesik ez.
Jaurlaritzari dagokio ekimena, proposamenak mahai-gainean jartzea, akordioak lortzen ahalegintzea. Baina gainerako erakundeei eta alderdi politikoei ere badagokie akordioetarako ahalegina egitea; edo, behintzat, proposamen konkretuak mahai-gainean jartzea. Horixe da, nik uste, herriak eskatzen duena.