BILBO eta Bizkaiko elizarik garran-tzitsuena zein dan galdetzen badeustazue, Bilboko zazpi kaleen erdi-inguruan aurkitzen dan Santixau Apostoluaren eliza dala esango deutsuet, eliza hori gure gotzainaren eliza dalako. Eliza honi, barriz, katedrala esaten jako, hain zuzen, eliza honetan gure gotzainaren katedra edo kristau fedearen irakastokia aurkitzen dalako. Santixau Apostolua, barriz, Bilboko uriko eta Elizbarrutiko zaindaria dogu.

Elizarik garrantzitsuena, ba, katedrala dogu, baina Bizkai guztian, erakarpen handiena daukan eliza, Begoñako eliza da. Bizkaitar guztiak, antzinatik, izugarrizko txera eta debozinoa izan deutsoe Begoñako Amabirjinari. Bizkaitarren debozio hau dala eta, Gernikako Arbola azpian batutako Batzarre Nagusiek, 1735ko ekainaren 18an, Begoñako Andra Maria Bizkaiko Jaurerriko zaindari izendatu eben.

Debozio honek eraginda, aipatzekoak dira, historian zehar, Amabirjinaren irudiaren jaitsierak Bilboko urira egoera larrietan, adibidez, uholdeetan, suteetan, izurriteetan eta bilbotarren estualdietan, bere laguntza eskatuz. Era berean, gogoratzekoa da, 1949. urtean, Amabirjinaren irudiaren kopia batekin Bizkai guztian zehar egindako ibilaldia. Harritzekoa izan zan Bizkaiko herri guztiak egin eutsoen harrera goragarria.

Gaur egun, izugarrizko jendetza etortzen da Begoñara, batez ere, Abuztuaren 15an eta Urriaren 11an. Gaur, bezpera gauaz, ehundaka pertsona etorriko dira erromes Bizkaiko bazter guztietatik eta Bizkaitik kanpoko herri batzuetatik goizaldeko 4tako mezan, parte hartzeko. Gero, egun guztian zehar, ordurik ordu, izaten dira mezak: danak jendez josita. Aipatzekoa da, antzinako ohitura bati jarraituz, Alkate jauna eta nahi daben zinegotziak, eguerdiko mezara, Gotzain jaunak emoten dauan mezara etortzen dirala. Ohitura polit honek, nik uste, zerikusia dauala Bilboko jaiekin. Hain zuzen, Bilboko jaiak, Begoñako jai honen hurrengo zapatuan hasten dira.

Begoñako Amaren jai berezia urriaren 11an ospatzen da. Gehienetan asteguna izaten da, halan ere, Begoñako Penitentzi Anaidiaren ahaleginei esker, azken urteotan, izugarrizko jendetza etortzen da Begoñara, egun honetan, Amabirjinari otoitz egitera.

Bada beste aldi bat Begoñara jende asko etor-tzen dana: maiatza. Maiatza beti izan dogu Amabirjinari eskainitako hila eta jende askorentzako arrazoi polita izaten da Amabirjinari ikustalditxo bat egiteko. Horrez gainera, Bilboko eta inguruetako ikastola eta kolegioetako ume, gaztetxo eta gazteak etortzen dira euren lore-eskaintzak, Jainko Hitzaren liturgiak edo Eukaristiak ospatzera Amabirjinaren oinetan. Honela, Amabirjinaganako debozioa sortzen da eurengan. Azken urteotan asko ugaritu dira beste bisitatzaile barri ba-tzuk: Santixauren Bidea egiten diharduenak, Itsasaldeko Bidea esaten dan bidea egiten dabenak. Zamudiotarren galtzadatik Begoñara etortzen dira eta hemendik Bilboko Santixauren elizara bialtzen doguz. Baita turistak ere gero eta ugariagoak dira.

Zorionean, Begoñako elizan beti aurkitzen dogu jendea. Asko ala gutxi, baina beti dago jende moltso bat, otoitz egiten, gogoeta egiten, limosna emoten, kandelak biztutzen, koadroak eta irudiak ikusten, musika entzuten, bakez egoten, atseden pixka bat hartzen Begoñako Amaren oinetan. Hori gauza ona da. Santutegi guztiak euren kutsua dauke bakea eta atsedena aurkitzeko. Baita Begoñako elizak ere.

Begoñara datozen guztiak ondo hartzen ditugu eta guztiei ondo esaten deutsegu hurrengoan ere etorri daitezen. Horrez gainera ahaleginak egiten ditugu Santutegi honetatik inor esku-hutsik joan ez daiten, eta holan esaten deutsegu: Begiratu Amabirjinari. Begiratu egiozue ondo. Esan daiteke holan berba egiten deuskula: Hemen ipini nauzue eliza honetako protagonista banintz lez, baina ni ez naz hemengo protagonista. Hemen egiazko protagonista neure belaunen gainean daukadan Umetxo hau da: Jesus. Berau da gure Salba-tzailea. Berau da gure bidea, egia eta bizia. Hurbildu zaiteze Beragana eta jarraitu egiozue. Horixe da kristau izatea, Jesusi jarraitzea.

Amabirjinaren bitartekotasun hau oso ona da Jesusengana hurreratzeko, horregatik abesten deutsagu Amabirjinari abesti hau:

Ama maite Maria, egiguzu lagun

Zure bitartez Jesus ikusi dagigun.