Europaren eguna, xede baten irrika
NIRI behintzat ezinezkoa egiten zait Europar buruzko zalantzak izatea, nire erroak bertan baitaude. Nahi izan ala ez izan, kultur europarra, gure osagaietatik nahiz kanpokoetatik abiatuta oratua, guztiona da, ez nirea bakarrik. Gure berezitasuna europartasunaren gorputzari usain eta kolore berezi bat ematen dio epidermis fina besterik ez da". Honelaxe zioen gure Koldo Mitxelenak orain dela urte mordoxka luze batean. Pasatako maiatzak 9 Europaren eguna izan da, gogoratu beharreko data, orain dela 62 urte ospatzen den eguna hain zuzen. Izenburuan diodan bezalaxe: "helburu baten irrika" Robert Shuman, Konrad Adenauer, Jean Monnet eta Alcide De Gasperi "Europaren aintzindariak" gogoan izateko eguna.
Agirre lehendakaria, Irujo, eta Landaburu ere gogoan izateko eguna. Europa eta euskaldunon arteko harremana ez da gaurkoa. Euskaldunok aspaldidanik begiratu izan diogu Europari eta berak suposatzen ziona edo liokeena Euskadiri. Euskal presentzia, euskaldunok Europan proiektatzeko ahalegina, urrutitik dator. Gogoan izan Euskadi-Europa, lema zela 1933ko Aberri Egunaren leloa eta mezua 1933. urtean Donostian ospatua hain zuzen eta 50.000 pertsona bildu zituena, haien artean Telesforo de Monzon eta Jose Antonio Agirre EAJ/PNVren aldetik, Manuel Carrasco Formiguera, Kataluniako Unión Demokratikoren aldetik, eta Ramon Otero, Alderdi Gallegistaren aldetik. Garbi zegoen orain dela urte asko EAJ/PNVren helburu, xede eta erronka argi eta garbia. Honela zioen ere Manuel de Irujok egunkariko artikulu batean esaten zuena 1933. urtean: "El pueblo vasco pide un puesto como nación, en el banquete de los pueblos libres de Europa (...) Declaro y afirmo que soy navarro de nacimiento y de corazón, y, por lo tanto vasco, como los guipuzcoanos, los alaveses, vizkainos, laburdinos y zuberoanos. Que mi patria chica es Nabarra, llamada antiguamente Vasconia, uno de los Estados libres del País Vasco o Euskadi, y ésta es la verdadera y única patria de todos los vascos. Que asimismo como vasco progresista de Nabarra, aspiro a que mi patria se adhiera a la unión de Estados confederados de Europa".
Ordezkari euskaldunak izan ziren Europar Batasuna eratzeko prozesuan eman ziren une kronologiko garrantzitsuenetan: Londres, Luxenburgo, Paris, Brusela, Erroma, Westminster, eta abar luze bat dira euskal ordezkaritzen presentziaren eta lanaren lekuko. Ordezkaritza horien artean, beste hainbat izenen artean, Jose Antonio Agirre, Landaburu eta Irujo e.a. aurki dezakegu. Egun ezin ahan-tzi EBko erabakiek geroz eta eragin gehiago dutela gure bizitzan, Eusko Jaurlaritzak beregain hartutako eskumenetan eta gai desberdinen inguruko politika publikoen garapenean eta diseinuan dutela eragina.
Erabaki europarrek eragin handia dute gure autogobernuaren gainean, eta horrek justifikatu egiten du Euskadik erakunde europarretan presentzia zuzena izateko aldarrikapenak, errealitate hau ukatu duten jarrera estatalen mende jarri gabe. Euskadi, euskal gizartea, aspaldidanik dator erkidegoko erabaki-prozesuetan partaidetza handiagoa erreklamatuz. Izan ere, etenik gabe eta pixkanaka, botere gehiago hartzen ari da Europar Batasuna, eta, horrela, Europar Batasuna egun orain arte Euskadirenak bakarrik izan diren edo Euskadirekin elkar banatu dituen eskumenak bereganatzen ari da.
Europar Batasunaren legediak zuzenean edo zeharka eragiten du euskal interes gehienetan. Aniztasuna harmonia-tsuki integratuko duen eta elkarbizitzarako tresna gisa ulertzen diren kultura eta hizkun-tza desberdinekiko solidarioa izango den etorkizun europarra xede dugu. Demografiaren aldetik herri txikia baginen ere, gure arbasoak hain ziren langile prestuak eta nekaezinak ezen mendez mende nabigazio, industria, merkataritza eta pentsamenduaren bitartez kontinentearen identitate kulturala, ondare espirituala eta izate nahia osa-tzen lagundu bai-tzuten.
Bakearen eta justiziaren aldeko Europa beligerante baten alde gaude, gizarte-bazterkeriaren eta marjinazioaren aurrean neutroa izango ez den Europa baten alde. Euskadiren etorkizuna Europaren baitan dago, eta egun erabat posible ez bada ere, bihar izango da. Jose Antonio Agirreren ikuspegi aurre-har-tzailean, herrien arteko bakearen eta elkarbizitzaren ikuspegitik suposatzen zuenaren haraindian, Europaren eraikuntzak Euskadiren eraikuntza nazionala testuinguru moderno, ireki eta solidario batean gauza- tzea ahalbidetuko zuten oinarriak ezartzea esan nahi zuen. Horrela, Europa balio estrategiko handiko aukera bilakatzen zen, eta da, euskal nazionalismoarentzat. Europaren alde lan egitea Euskadi libre eta autogobernatu bat ehuntzea zen, eta da. Europaren aldeko apustua egitea, kontuan izanik geurea bezalako nazio txiki batek estatu klasikoez gain beste espazio soziopolitikoak sortzeko beharra duela, munduan leku bat bilatzea da.
Egun, Parisko Itunetik, Erromakotik eta Maastrichekotik urte asko iragan direnean, EBn ditugun arazoak mugen haraindian daude. Eta mugen haraindian daude baita ere arazo horiei eman beharreko irtenbideak. Arazoek, diagnosi konpartituek eta irtenbideek halabeharrez mugaz gaindikoa den izaera dute jadanik. Gaur egun, globalizazio gisa ezagu-tzen dugun horrek prozesu aldakorretan murgiltzen gaitu batzuetan, eta prozesu horietan ez da ezer mantentzen bere horretan. Espazioak, bizi dugun gizarte industrializatu eta teknologikoki aurreratu honetan behintzat, dimentsio sozial berri eta oso desberdina eskuratu du, eta distantzientzako, lekualda-tze-denborentzako edo lanera, lo egitera, oporrez gozatzera eta abarrera joateko beharrezkoak diren lekualdaketen etorkizun hurbilenean izango dituen ezaugarri desberdinentzako pertzepzio berri bat ekarri du.
Horrek guztiak interpretazio sozial berri bat du, bizitza partikularrari eta sozialari aurre egiteko moduan oihartzun zehatz eta operatiboa baitu. Eta prozesu hori orain hasiberria ez bada ere, egia da azken urte hauetan biziki suspertzen ari dela. Pertenentzia sentimenduekin eta nortasunekin horrelako zerbait gertatzen dela uste dut. Eta ia ezer ez zaigu arrotza egiten. Kanpoalde gisa ezagutzen dugun horretan gertatzen den ia ezer ez zaigu ezezaguna egiten.
Ez zaigu ezezaguna orain dela urte asko Espainiako estatua Europar Batasuneko kide izatea. Horrek guztiak eragina du gugan, handia. Europar sentitzearen kontzeptuak aldatu egingo dira, nortasunak ezkutatu, gizarteen konplexutasuna areagotu egingo da, mestizajeak zabaldu egingo du aniztasuna, eta soziologoek eskenatoki berri eta ezezagunen inguruan hausnartuko dute.
Lehen esan dut pertenentzia sentimenduekin eta nortasunekin ere antzeko zerbait gertatuko dela, eta nortasunen ezkutaketak inolako ezeztatzerik suposatzen ez duen bezala, eta nik, pertsonalki, euskaldun izaten jarraituko dudan arren, etengabe aldatzen ari den Europa honetan, Europaren hazkundeak, tipula baten geruza kontzentrikoen metaketa edo alboratze gisako prozesu gisa, beste sentimendu batzuk gainjarriko dizkie nire egungo pertenentzia sentimenduei.
"Han", urrutian, gertatzen denak nigan tximeleta efektua edukiko duen bezala, eta globala edo handia denak ezeztatzen ez nauen bezala, indartu egiten bainau, globala denak tokikoa behar duen bezala, era berean, eta pertsonen mugikortasunaren ikuspegitik, merkantzien garraioaren eta logistikaren ikuspegitik oro har, gaur "kanpoan" gertatuko denak baldintzatu egingo gaitu, eragin egingo gaitu, eta, euskaldun garen heinean, behar eta sintesi historiko berrien ondorio zuzen den errealitate berrira egokitzera behartuko gaitu.
Baina horrek ez digu ahantzaraziko ez txikia den hori eta ezta tokikoa dena ere. Ezer ez da arrotza inorentzat. Historiaren beharrak, zentzu horretan, apelaezinak dira.