ETB-4, ETB-3, ETB-2, ETB-1... ETB-0, zero ganora eta zero euro
JAOAN zen astean, Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamen bat eztabaidatu genuen Eusko Legebiltzarrean. Proposamen horretan eskatzen genuen Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak negoziazioei ekitea, Nafarroan ETBren eskaintza osoa ikusterik izan dadin LTDren bitartez.
Eskaera horrek arrazoi bi zituen. Bata, duela urtebete (2009ko uztailaren 3an) Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza-protokoloa desataskatzea. Desataskatzea, gutxienez puntu batean: Nafarroan ETB sistema digitalaren bitartez ikusteko. Jakina denez, urtea joan da eta iaz sinaturikoa ez da bete. Beteko den aurreikuspenik ere ez dago.
Zergatik? Nafarroako gobernuak dioelako ez duela dirurik ipiniko ETB Nafarroan digitalean ikusterik egon dadin. Kontua da multiplex berri bat jarri beharra dagoela horretarako, eta multiplex horrek lau katerako balio duela. Protokoloan, berriz, Jaurlaritzak eta Gobernuak ETB-1 eta ETB-2 baino ez zituzten jaso. Alegia, multiplex erdi edo. Urtebete joan da, eta oraindino ez dute adosterik izan hain sinplea dirudien kontu hori -ETB Nafarroan digitalean ikustea-. Nafarroako gobernuak ez du dirurik jarri gura, eta Eusko Jaurlaritzak ez du gastu guztia bere gain hartu gura, kate bi baino ez direlako ikusiko.
Legez besteko proposamenaren bigarren arrazoia etorkizunean izango den eskakizun bat gaur konpontzeko ahalegina egitea zen. ETBk beste kate bi izango dituenez digitalean emititzen (ETB-3 jada abian du), logikoa da laurak ikusi ahal izatea Nafarroan, eta ez bi bakarrik. Gainera, horrek erraztu egingo balu Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzea multiplexaren gastua, lau kanalak erabiliko zituelako, arazo bi planteamendu bakarrean konponduko lirateke, Aralarren ustean.
Hari horri tiraka, joan zen astean ebazpen bat eztabaidatu genuen Nafarroako Parlamentuan, Nafarroa Baik proposatuta, Dokumentu horretan planteatzen genuen Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak negoziazioei ekitea, Nafarroan ETB-3 eta ETB-4 ere LTDren bitartez ikusteko aukera izan dadin. Proposamenak, aurretik esan bezala, arrazoi bi zituen eta arazo bi konpondu gura zituen.
Bi dira Alderdi Sozialistak: Nafar Foru Erkidegoan, bat; eta Euskal Autonomi Erkidegoan, beste bat. Bi alderdi, bi buru, bi iri-tzi… Eta oraingoz, ETBrik ez nafarrentzat.
Eusko Legebiltzarreko sozialistek ez dute babestu gura honakoa: "Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio negozia dezala Nafarroako gobernuarekin, Foru Erkidegoan ETB-3 eta ETB-4 ere LTDren bitartez ikusi ahal izan daitezen". Baina Nafarroako Parlamentuan honako hau babesten du: "Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio negozia dezala Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Erkidegoan ETB-3 eta ETB-4 LTDren bitartez ikusi ahal izan daitezen".
Bigarren puntu bat ere bazuen Eusko Legebiltzarreko proposamenak: Aralarrek eskatzen zuen bere gain hartzea Eusko Jaurlaritzak lau kateok ikustearen kostea. Sozialistek kontra egin zuten, alderdi popularrarekin batera, nahiz eta iazko uztailaren hiruan sinaturiko lankidetza protokoloak hauxe zioen, berbaz berba: "euskal telebista publikoari dagokiolarik bi telebista seinaleen (ETB-1 eta ETB-2) garraio eta mantenimenduari dagozkion kostuen ordainketa".
Eta horrela, denborak aurrera egiten du, eta aurrera egiten ez duen bakarra da ETB Nafarroan digitalean ikusteko aukera. Ez ETB-4, ez ETB-3, ez ETB-2, ez ETB-1. Diruaren aitzakian, gauzak geldi. Duela urtebete sekulako oihartzunarekin iragarri zuten lankidetza-protokoloak hamaika orrialde zituen, zeinetarik hiru telebistari buruzkoak ziren. Ez dute ezer egin, ez Nafarroako Gobernuak, ezta Eusko Jaurlaritzak ere.
Nafarroako parlamentuan ETBren lau kateak ikustearen aldeko jarrera dute alderdi gehienek, sozialistek barne, baina Eusko Legebiltzarrean sozialistak kontra daude.
Euskal Irrati Telebistako zuzendaritzak zer uste du gaiaz? Gura du Nafarroan bere eskaintzako lau kateak ikusterik izan dadila, ala nahikoa du biren eskaintza teorikoarekin? Eskatuko ote dio alderdi sozialistari aurrerantzean gauza bera defenda-tzea Gasteizen eta Iruñean? Arduratuko ote da Nafarroan dituen ikusleez, ala aldapan behera doan audientziari beste koska bat kentzeak berdin izango ote dio?
Zeren ETBren kate guztiak Nafarroan ere digitalean ikusteko aukera izatea ez da bakarrik Nafarroako bizilagunen onerako. Euskal Telebistak ere hortik etekin ateratzen du, bere audientziaren zati handi bat nafarra delako.
Berdin ote dio?