Sarritan aipatzen da gizartean politikarekiko atxikimendua gero eta lausoagoa dela eta muturreko jarrerak indarra hartzen ari direla. Halakoetan, hurkoari egozten zaio erru guztia. Nago, ordea, erantzukizuna, aldez edo moldez, partekatua dela. Giroa ozpintzen da, zuztarreko gaietan adostasuna bilatzen ahalegindu barik, beste batzuen ekimenen arrimuan, langa igotzen saiatzen zaren bakoitzean, horrek inolako aurrerabiderik ez daukala jakinda! Gainera, litekeena denean, proposatzen zabiltzanak ez daukala islarik, ez eta koherentziarik ere, aldiro egiten dituzunak kontuan hartuta. Adibideak ugariak dira, tartean, euskarari buruz berba egiten dugunean. Batean, herri erakundeetan jarduteko euskararen ezagutza orokortzeko irizpidea ezartzea proposatu, eta zure esku dagoenean, ostera, eskakizunak apaldu edo ezerezean lagatzen dituzu. Itxurakeriek ez digute aurrera egiten uzten, ez eta oinarrizko gauzetan adostasunak bilatzen laguntzen ere.
Espainiako politikarenak ez dauka izenik, eta, erantzuleak ez dira eskuina eta honen aliatu naturala den eskuin muturra bakar-bakarrik, bestelakoak ere bai. Eskuinak demokraziaren oinarrizko printzipioak eta funtzionamendu-arauak hankaz gora jarri nahi izatea ez da berria, gobernatu ez duen bakoitzean beti saiatu da horretan. Aniztasuna, zeinahi dela, ezabatzen saia-tzea, eskuinaren eta bere aliatuen geneetan ondo txertatuta dagoen kontua da… baina gobernatzen ari direnek ere badute zer hobetu, zer aldatu eta politika onbideratzeko norabidean urratsak egin beharra.
Egungo gobernuaren eta gobernua osa-tzen duen taldearen alternatiba paperak galdu dituen eskuina izatea ez da aitzakia bilakatu behar gauzak bestela egin daitezen, dela gobernua sostengatzen duten alderdiei begira, dela hartutako konpromisoak betetzeari begira, gardentasuna ardatz, erakunde demokratikoak bestelako printzipioen inguruabarrean, goberna-tzeari begira. Eskuinak antolatuta daukan eraiste-kanpaina ezin erabil daiteke bestelakoak ezkutatzeko, horrexegatik gobernua izan beharko luke lehen interesatua eroskeria, korrupzioa zein bestelakoak gainetik astintzen eta halakoetan ari direnekiko distantzia ezartzen, herri erakundeen sinesgarritasuna ez ezik sistema demokratikoaren habeak eraisten ari direlako… Eta, horrek, eskuinaren eta eskuin muturraren mezuen haziak, gizartearen eremu desberdinetan, ernatzea eta indar-tzea besterik ez du ekarriko.
Aurrekoari, arrazakeria eta justizia soziala bezalako gaiei kontrakarra eginez, bestelako mezuen indarra gehitu beharko genioke. Ondo pentsatu behar dugu barreiatzen ari garen mezuekin, moduekin eta abian jartzen ari garen politikekin, asmatzen ari garen. Halaber, hausnartu behar dugu horrenbeste alditan azpimarratzen den eskubideen kontuari, betebeharrak, pertsonalak zein komunitarioak, gehitu behar ez dizkiogun, eman ez dezan ba-tzuek aurrera egiten dutela beste batzuen ahaleginaren kontura. Oinarrizko gaia da denok aurrera egin ahal izatea, lotuagoa eta berdinkideagoa den gizarte batean.