Berriki onetsi du Eusko Jaurlaritzak Administrazioan euskararen erabileraren normalizazioari buruzko dekretua, aurrekoarekin alderatuta, aurrerapausoak eta berrikuntzak dakartzana. Batzuentzat, gehiegikeria izanen da; beste batzuentzat, ostera, urrunago iristeko aukera galdu da. Nago, desiratzen den egoerara iristeko, beste urrats bat dela, errealitatea kontuan harturik, eraldatzen segitzeko beste katebegi bat. Hiztun- elkarte gisa Gorbeiara iristeko zailtasunak dauzkagunean, ez dut uste, bidea are errazago edo eramangarriago egingo zaigunik helmuga Everest mendian jarrita!

Pasa den mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran, langile publikoen gutxiengoa zen elebiduna. Era berean, herritarren gehiengoak ez zuen gure hizkuntza ezagutzen. Horiek horrela, bide bat ezarri zen, progresibotasuna ardatz hartuta, langile publikoak euskalduntzeko estrategia ezartzea eta orokortzea ekarri duena. Eta ekinbidearen ondorioz, hamarkada batzuk geroago, gure egoera soziolinguistikoa guztiz bestelakoa da eta langile publikoen gehiengoa elebiduna da. Erabilerari doakionez, ordea, Administrazioaren lan-hizkuntzak, nagusiki, gaztelania izaten segitzen du, hainbatetan, inertziaren eraginez, besteetan, elebakarrak diren langileen zein kargudunen eraginez eta abar. Inguruabar horretan, jauzi bat egiteko moduan gaudela iruditzen zait. Horretarako bi printzipio gogoan izatea komeni da: herri erakundeetan lan egiten dutenek ez dute administrazioarentzat lan egiten bakarrik, gero eta elebidunagoa den gizartearentzat baizik, eta, euskararen ezagutza pilatu dutenez gero, ezagutza horretan sakontzeko eta herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea hobetzeko, euskara lan hizkuntza arrunt bilakatzea ezinbesteko urratsa da.

Badira gure artean diotenak administrazioa euskalduntzeko ahalegina alperrekoa dela, ez dagoela euskararen erabilera zertan sustatu. Elebidunok gaztelania ere entenditzen dugulako eta, beraz, gaztelaniaz jardunez gero, berdin asebeteko liratekeela gure hizkuntza eskubideak. Halakoak baieztatzen dituztenen ustetan, herri erakundeetan lanean jarduteko euskara ez dago eskatu beharrik eta eskakizun horrek erdal elebakarrak herri erakundeetan lan egiteko eskubidea urratzen du. Nazkatzeraino entzun behar izan dugu medikurik ez dagoela euskara eskatzen delako... dakigunean, mediku falta bestelako arrazoiengatik gertatzen ari dela eta, ez dela inolaz ere egia, mediku bakar bat gelditu dela lanik egin gabe euskaraz ez jakiteagatik. Hala berean, gure gizartea gero eta elebidunagoa bada, normala da herritarren zerbitzura dagoen herri erakundeetan euskararen eskakizuna areagotzea, betiere, behar diren bermeekin eta salbuespenekin, bai eta ezagutza egiaztatzeko askotariko bideak eskainiz, eskakizunak langile bakoitzaren hizkuntzaren erabilerarekin lotuz eta abar, onetsi den dekretuan aurreratzen den bezala.

Batzuen aldetik, hizkuntza komuna gaztelania dela eta hizkuntza gutxiagotuen alde ezer ez dela egin behar azpimarratzen da etengabe, bai hemen, Espainiako Kongresuan zein bestelakoetan. Oinarrian dagoena ez da herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea edota errespetaraztea, duela hainbat mende abiarazitako ordezkapen linguistikoa bururaino eramatea baizik, ahaztuta, mendeotan baztertuak eta zokoratuak izan garenak euskaldunok izan garela eta eskubidea daukagula gure hizkuntza berreskuratzeko, biziarazteko eta, euskaraz, normaltasunez nonahi aritzeko eta, herri erakundeen aldetik, berdintasunez artatuak izateko.