Aspaldi hasitako kanpaina amaitzear da eta, igandean, bozak zenbatu ostean, alderdi gehienak udazkenean izango diren hauteskunde orokorrei begira jarriko dira. Horrexegatik, azpimarratu behar dugu udal eta foru hauteskundeek duten garrantzia. Erakunde horiek direlako herritarrengandik gertuen daudenak, pertsonen kezkak eta kexak, iradokizunak eta beharrak zuzenean jasotzen dituztenak eta zerbitzuak eskaintzen dizkietenak. Ez ditzagun, beraz, herritarren interesak alderdien interesekin nahastu, ez eta alderdiena gainjarri ere, horixe delako, hain zuzen, herritarrek alderdiei leporatuta, bizkarra erakusteko duten arrazoietariko bat.

Inguruabar horretan, badira udalak mankomunitateak zein diputazioak higatzeko baliatzen dituztenak, batez ere, menpeko ez dituztenean. Kontraboterearen pentsamolde horrek herritarrei eskaini beharreko zerbitzuak baldintzatzen ditu, indarrak sakabanatuz eta, hainbatetan, ezerezean lagaz. Nago, herritarrak ardatz hartuta, dauzkagun helburuak lortzeko, ezinbestekoa dugula egitasmo partekatuak izatea, herri, eskualde, lurralde zein erkidego mailan. Elkarren arteko ahaleginak egingarriagoak zein eragingarriagoak dira elkarrekin jardunez gero.

Kontuan har dezagun udalek, diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak hainbat eskumen partekatzen dituztela eta, horrek, politika publikoak eragingarritasunez garatzeko, guztion arteko kolaborazioa eskatzen duela... Urrutiago iritsiko gara, errazago egingo dugu lan abiaburuak zein helburuak partekatuz gero, guztiok batera jardunez gero. Udalak eta diputazioak ezin bizi daitezke elkarri bizkarra emanda. Udalek diputazioak behar dituzte eta diputazioek udalak, Eusko Jaurlaritzak bezala. Horrexegatik, garrantzitsua da norgehiagoka elektoraletik ihesi, gobernatzeko bokazioa eta aukera dutenek proiektuak plaza publikoan aurkeztea, jendeak, herritarrek jakin dezaten.

Badira errazkerian eta orokortasunean eroso murgiltzen direnak…

Matxuratutako merkantziak saltzen saiatzen direnak ere bai. Halakoentzat, botoak eskuratzeko amarrua, dena dohainik izanen dela iragartzea da, dena da erraza... Galdera da gobernatzen duten tokietan zergatik ez duten predikua betetzen! Eta halakoetan, haien ezintasunak, gabeziak eta ganoragabekeriak ezkutatzeko beste norbait seinalatuko dute. Jende baten herra eta sektarismoa gainditzeko, urteak beharko dira, askotarikoa den gizarte batean bizi garela, hitzez ez ezik, ekintzez ere onartzeko, beste horrenbeste... Baina herrietan, Bizkaiko Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan aurrera eta batera jarduteko egitasmoak herritarrekin landu eta partekatu dituen bakarra EAJ alderdia izan da. Badakit ez dagoela itsu handiagorik ikusi eta aitortu nahi ez duenak baino... baina halaxe dira kontuak! Gainerakoek lotu gabeko eta zehaztasunik gabeko egitasmoak lau haizeetara barreiatzen ari dira, halakoak direlako gauzatzen eta ebaluatzen zailagoak.

Lurralde honek eta udalek aurrera egin behar dute, gizarte zerbitzuetan, mugikortasunean, trantsizio energetikoan, ingurumenaren zaintzan, kulturaren sustapenean, euskararen biziberritzean, fiskalitatean, ekonomia eremu desberdinetara irekitzeko egin beharreko ahaleginean... herri honek aurrera egin behar du, bizikidetzan, gizartearen eta lurraldearen kohesioan... eta hori batera egin dezakegu soil-soilik!