TRANTSIZIO ekologikoaz hitz egitea modan dago. Baina zer da? Zer-nolako ondorioak izan ditzake enpleguan eta lan-baldintzetan?
Egia esan, ez dago trantsizio ekologikoaren definizio juridikorik. Dena den, orain arte jakintza-arlo desberdinetan esan dena aintzat hartuta, posible da honela definitzea: eraldaketa soziala eragiten duen prozesua, xede duena garapen jasangarriko eredu baterantz abiatzea. Prozesu horretan berebiziko garrantzia du trantsizio energetikoak, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko. Halaber, ezin ahatz daiteke eraldaketa sozial horrek duen lotura gizakion ongizate eta osasunerako oinarrizko zerbitzu ekosistemikoak babestearekin, hala nola, ura, lurzorua, basoak, ozeanoak, paisaia, kultura eta biodibertsitatea.
Trantsizio ekologikoa sustatu behar da, munduak dituen ingurumen-ezaugarriek nahitaez eskatzen dutelako bizitzako arlo guztiak egokitzea, iraupenaren eta erresilientziaren ildotik.
Horrek berarekin dakar enpresetan ere trantsizio ekologikoa sustatu beharra. Izan ere, nabarmena da enpresek trantsizio ekologikoarekin duten lotura. Bada, enpresek arrisku mistoak sortzen dituzte, hots, barrura nahiz kanpora begira. Are gehiago, kontuan hartu behar da kanpora begira sor ditzaketen arriskuek langileengan ere ondorioak izan ditzaketela, langile ez ezik, enpresak kokatuta dauden lurraldeetako herritar ere badirelako.
Horrenbestez, enpresak ere eragile aktiboak dira trantsizio ekologikoa arrakastaz gauzatu nahi bada behinik behin.
Zinez, ez da baztertu behar enpresek duten egitekoa, trantsizio ekologikoa bidezkoa izan daiten. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da mailaz mailako gobernantza, subsidiaritate-printzipioa eta autoardura behar bezala aplikatzea.
Hurrean ere, teoria desberdinak daude trantsizio ekologikoa gauzatzeari dagokionez.
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onetsitako Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJHei) erreparatuz gero, argi dago gauzatu beharreko trantsizio orok ezin duela inor atzean utzi edo baztertu. Azken buruan, helburu horiek garapen jasangarriaren hiru dimentsioak uztartzen dituzte: ekonomikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona.
Bide bertsutik doa Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANEren) gogoeta ere, ohartarazten gaituenean trantsizio berde oro ez dela zertan bidezkoa izan. Bestela esanda, trantsizio ekologikoa sinesgarria izan, eta, ondorenez, arrakastaz gauza dadin, ezinbestekoa da justizia sozialean oinarritzea.
Hori guztiori Europar Batasunean ere antzeman daiteke, erresistentzia gehiagorekin bada ere.
Printzipioz, Europako Itun Berdeak (2019) naturan ahalik kalterik gutxiena eragitearen alde egin du, etenik gabe hazten doan eta oso lehiakorra den ekonomia-ereduaren baitan. Horrela jaso da, berebat, Europar Batasuneko 2021/1119 Erregelamenduan, klima-neutraltasuna lortzeko esparrua ezartzeari buruzkoan.
Hala ere, Europar Batasunean badira GJHek eta LANEk ezarritako bidetik doazen ikuspuntuak. Horren adibiderik garbiena da Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak 2021ean emandako Irizpena: «Itun Berderik ez da egon behar Itun Sozialik gabe».
Zehatzago, Irizpen horren arabera, «estatu, enpresa eta herritarrek nahitaez egin behar diete aurre oinarrizko erronka batzuei, oso azkar garatzen ari diren erronkei. Euren gain modu bateratuan hartu behar dute inor atzean ez uzteko ardura».
Orobat, Irizpena gordina bezain argia da honako hau adieraztean: «paradigma ekonomiko ekologiko eta jasangarriagoak lortzeko bidean, kostu ekonomiko handiak sortuko dira eta horrek berarekin ekarriko ditu desberdintasun sozialak areagotu eta kohesio soziala hausteko arriskuak. Ez da Itun Berderik egon behar horrek bere baitan Itun Sozialik jasotzen ez badu. Izan badira osagai estrategiko eta funtsezkoak, behar-beharrezkoak direnak, Itun Berdearen eta justizia sozialaren arteko lotura estua bermatzeko».
Jarraian, Irizpenak adierazpen hori sakonago jorratu du, hurrengoa dioenean: «ezbairik gabe, enplegu nahiz gaitasunak sustatzea, trantsizio arinak gauzatzea eta elkarrizketa sozial dinamikoa izatea osagai garrantzitsuak dira. Aitzitik, Itun Berde Berri baten funtsezko osagai izan behar den Itun Soziala ez zaio lanari bakarrik lotu behar. Bada, Itun Sozial horrek kontuan hartu behar ditu diru-sarrerak, Gizarte Segurantza eta hala behar dutenei aurrekontuetatik eman beharreko diru-laguntzak, batik bat, laneratzeko arazoak dituztenei. Gizarte zibileko eragile guztiak kontuan hartzea partekatutako esfortzua eta guztion ardura izan behar da, baita enpresek hartu beharreko erabakietan ere».
Alabaina, Irizpen hori enpresa barneko demokrazian bakarrik oinarritzen da, eta bertan ez da inolako aipamenik egiten enpresaz landa, goitik, tresna arauemaileak sortzeko premiaz. Horregatik, bereziki, langileen ahotsaren garrantziaz dihardu, etorkizunari begira enpresa jasangarri eta lehiakorrak bultzatzeari dagokionez, inguru osasungarrian.
Hori berori gertatzen da barne antolamenduan ere trantsizio ekologikoaren inguruan dabiltzan arau guztiekin, 7/2021 Legearekin, klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoari buruzkoarekin, hasita. Arau horiek ikuspegi programatikoa besterik ez dute, xede gisa kalitatezko enplegua edo enplegu duina aipatzen dutenean.
Jakina, antolamendu juridikoan tresna arauemailerik ezarri ezean, dena enpresaburuen eta langileen ordezkarien negoziazioaren esku utziz gero, litekeena da euren arteko akordiorik ez izatea.
Zernahi gisaz, Espainian oraintsu onetsi da Enplegu eta Negoziazio Kolektiborako V. Akordioa eta horrek trantsizio ekologikoari heldu dio, interesgarriak diren zenbait alde jasoz.
Edu horretan, beren-beregi aitortu da trantsizio ekologikoak ekoizpen-prozesuetan gorabeherak sor ditzakeela, langileen lanpostu, zeregin eta gaitasunak ukituz. Arean ere, onartu da lanpostu berriak sor daitezkeela, baina, aldi berean, beste batzuk desagertu edo eraldatu.
Horregatik ezinbestekotzat jo da gauzatu beharreko berrikuntzak zehaztea, besteak beste, langileen gaitasunak hobetzeko, lanpostuak berriro diseinatzeko, enplegu batzuetatik beste batzuetarako trantsizioak antolatzeko edo lana hobeto antolatzeko. Hori guztiori erdiesteko, adierazi da nahitaezkoa dela langileak prestatu eta informatzea, hain justu ere, langileen partaidetza bermatze aldera, klima-aldaketak eskatzen dituen neurriak hartzeko orduan.
Duda-mudarik gabe garrantzitsua da hitzarmen kolektiboek baldintzak arautzea, trantsizio ekologikoa lan duinaren eta kalitatezko enpleguaren kontra joan ez dadin. Gainera, hitzarmen kolektiboen aldeko apustuak gainditzen du trantsizio ekologikoa eragingarri egiteko hartu beharreko erabakiak enpresa-askatasunaren esku uzteko joera, gehienbat, enpresaren ardura sozialaren esku utzi izan baita hori.
Bestalde, Administrazio publikoek ere egiteko garrantzitsua dute, trantsizio ekologikoak lan duina bere baitan hartzeari dagokionez. Horretarako kontratu publikoak esleitzeko, legeak kontratatzeko orduan ezarritako debekuak kontuan hartzeaz gain, klausula sozialak ere har ditzakete kontuan, halakoak kasuan kasuko kontratuaren xede edo objektuari lotuz. Modu horretara, kontratu publikoak trantsizio ekologikoa sustatzeko pizgarri garrantzitsu dira. Halaber, kontratu publikoek klausula sozialei esker ahalbide dezakete kasuan kasuko klausula ekologikoek enplegu duina arriskuan ez jartzea, desberdintasun sozialak ez sortzea eta kohesio sozialari kalterik ez egitea. Azken buruan, klausula horiek guztien ondorioz enpresentzako sortzen diren kostuak konpentsa daitezke esleipenek enpresentzako sor ditzaketen diru-iturriekin.
Alabaina, gaitza da trantsizio ekologikoa eta itun soziala bateratzea, badirelako distortsio handiak sortzen dituzten errealitateak. Zenbait herrialde eta enpresa ez daude prest arlo sozialean sakondu eta esfortzuak egiteko, ezta ingurumen-kostuak jasateko ere. Horrek lehia desleialeko eta dumping sozialeko egoerak sortzen ditu, erabat onartzen direnak nazioartean, bai eta Europar Batasunean eta beraren estatu-kideetan ere, giza eskubideekiko ardura ezartzeko nazioarteko tresna onesten ez den bitartean.
Hori hobeto ulertzeko adibide ona da gure atun-ontziekin gertatzen dena. Indiako Ozeanoko Atunaren Batzordeak ezarrita, geldialdi biologikoak egin behar izaten dituzte. Bitartean, Indonesia, India, Oman, Etiopia edo Txinako ontziek inolako mugarik gabe jarraitzen dute arrantzan, arrantza-sistema harrapakariak darabiltzate, arrantzaleei lan-baldintza prekarioak aplikatzen dizkiete… Gainera Txinak diruz laguntzen du atun-solomoak ekoiztea eta horiek Europaraino garraiatzea. Gainera, atun-solomo horiek igaro behar dituzten kontrol sanitarioak ez dira zorrotzak.
Energia lortzeko moduen inguruan ere luze mintza gaitezke, batik bat, bizi ditugun kontraesan handiez.
Pertsona erdigunean jartzen ez dugun bitartean, berez duen duintasuna aitortu eta pertsona ororen garapena ahalbidetzen ez den bitartean, demokraziaren eta solidaritatearen bidez guztion ona bilatzen ez den bitartean… Beste batzuek ederto baliatuko dituzte pertsona beheratzen dituzten teoriak, deshazkundearen bidetik eta sinetsarazi nahi izan arte ezer izan gabe zorioneko izango garela, eurek dena duten bitartean.
Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea