Mesa de Redacción

Dilemak eta hautuak

17.05.2020 | 00:35

Garagardo hotz bat dastatzen duzun bitartean bizikletan doan neskato bat erori egin dela ikusten duzu. Lurretik altxatuko zenuke, baina nola jasoko duzu haurra ukitu gabe? Zorionez bere aita ikuskatu duzu eta zure dilema morala azkar bukatu da. Lehenengo fasean omen gaude. Distantzia soziala eguneroko gai-zerrendan dago eta challenge berri bat irten dela dirudi: ea nork irauten duen gehiago terraza bat zapaldu gabe arduragabetasunari bizkarra emanez. Zuk galdu duzu dagoeneko. Lupulu aroma biziko edariari zurrutada luze bat ematen diozu Whatsapp bat jaso duzun bitartean. Hara, zure argazki bat bidalitu dute talde batera, urrunean agertzen zara. Baten batek tabernako bezeroak salatu nahi izan ditu etxeko leihotik, kontsumoa berpizteko eta sozializatzeko hautua egin duten horien jarrera gaitzetsiz birbidaltzen diren irudi baten bidez. Bi metrotara duzun laguna begiratu duzu, eskertuko zenuke bere besarkada bat baina badakizu oraindik segurtasuna bermatzeko neurririk eraginkorrena kontaktu eza dela. Pandemia hedatu ahala ezarri diren arau zentzugabeak kritikatzen lehena izan zara; hala nola, amonaren hiletara ezin bertaratzea lanera metroan joan zaitezkeen bitartean. Baina beti ondorioztatu duzu legeak errespetatzea dela bakoitzak bere logikak arautzen duena egitea ekiditeko bide bakarra. Hala uste duzu orain ere, azken tragoa edan ondoren edalontzia mahaian utzi duzunean.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia