Erredakzio-mahaia

'Blue monday' formula

19.01.2020 | 12:05

Spinningeko klaseetan bizikleta libreak aurkitu ezinik nabil egunotan. Aurrekoan hamar minutu goizago altxatu nintzen kiroldegian hasi berri diren txirrindulari estatikoei muturrean emateko. Urte berriko asmoak tinkotasunez konplitzeko nahiak dirauela dirudi, nahiz eta daborduko errege opilaren kaloriak izerdituta dauden. Baina bihartik aurrera gauzak aldatu daitezke, blue monday delakoa baita; hau da, urteko egunik tristeena. Cardiffko Unibertsitateko doktore batek asmatutako formularen arabera -1/8C+(D-d) 3/8xTI MxNA-, urtarrileko hirugarren astelehenari egotzi behar zaio zorigaiztoko ahalmen hori izatea. Horretarako hainbat alderdi hartu ditu kontuan: adibidez, faktore klimatikoa eta urte hasierako aldapa ekonomikoa. Baina baita Gabonetatik igarotako denbora edota helburu berriei ekiteko ezintasuna. Sasi-zientzia honen fededuna ez naizenez arren, badaezpada azken faktorearekin amore ez emateko bidea aurkitu dut. Horregatik, nire urte berriko helburua, batch cookingari ekitea -moda hau ezagutzen ez dutenentzako oharra: asteko menuaren plangintza eginez arratsalde batean bakarrik sukaldatzea-, atzeratzea erabaki dut. Eta prokrastinazioa prozesu horretan nagoela ondorioztatu dut norbere burua engainatzea formula arrakastatsua izaten dela zoriontasuna lortzeko bidean edo, gutxienez, tristura aldentzeko erronkan. Ikusiko dugu bihar kiroldegiko seihilekoa aurretiaz ordaindu duten inozoetako zenbatek irabaziko dioten nagitasunari.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia