Iberdrolak helarazitako fakturaren arabera, azken hilabetean 136 kilovatio kontsumitu ditut etxean. Modan jarri diren kalkulagailu horietako batek argitu didanez, horrek esan nahi du nire kontsumo elektrikoari soilik erreparatuz gero, 47,6 kiloko karbono aztarna utzi dudala. Sasiekologistaren espirituak jota, sortzen ditudan berotegi efektuko gasen kantitatea murrizten saiatzeko ariketa egitea erabaki dut. Hona hemen edozeinek bete ditzakeen arau erraz batzuk: oso logikoa badirudi ere, ez aireztatu zure etxebizitza berogailua piztuta daukazunean. Energia-eraginkortasun handia duten etxekotresnak eros itzazu, garestiagoak badira ere. Merkatura zoazenean, eraman telazko motxila plastikozko poltsak ekiditeko. Ahuakatea ahaztu, hobe garraiorik behar ez duten sasoiko fruituak. Haragia? Ezta pentsatu ere, abeltzaintza da gas-isurien %14,5en erantzule. Lanera joateko autoa guztiz baztertu, elektrikoa izanik ere. Horren ordez, autobusa edo metroa hala moduzko alternatibak izan litezke, baina aukerarik jasangarriena bizikleta da (euria egiten duenean ere). Ez ahaztu Googlen bilaketa bat egiten duzun bakoitzean kutsaduraren areagotzeari mesede egiten diozula eta fitxatuta dituzun jeans estu horiek ekoizteko 7.500 litro ur behar izan direla. Gogaikarria izan daiteke ezta? Bada Endesak babestutako Klimaren Goi-bilera proselitistak 65.000 tonako karbono aztarna utzi duela irakur-tzen duzuean ez zaitez adoregabetu, Whopper begetala atera berri dute.

aaraluzea@deia.eus