Gabonetako oporrak probestuz mendi buelta bat egitea pentsatu genuen, eta hantxe abiatu ginen lau lagun. Ia bi ordu eta erdiz ibili ginen, ez pentsa zortzi milakorik egin genuenik ordea, eta helmugara iristear ginela ordulariari begiratu genion. Bost minutu falta ziren bueltan eramango zigun trena hartzeko, edo beste ordu erdiz itxaron beharko genuen herri hartan. Apenas pentsatu ere egin gabe, pausoa bizkortu genuen, eta lortu genuen tren hura harrapatzea, baita korrika txikia egin ere azken metroetan, alde egingo zigulakoan. Behin trenean ginela konturatu ginen lauok trena behar baina lehentxeago iritsi zela, eta alperrik egin genuela azken eskilaretan esfortzu hura, bertan geuden laurok, elkarri begira, arnasestuka eta trena noiz abiatuko zain.
Lagunetako batek segituan esan zuen ea zertarako ibili ginen presaka, hurrengo trena hartuta ere berdin berdin iritsiko ginela eta jatetxean aldez aurretik jarri genuen zitara, horixe baitzen azken finean mendi buelta egiteko aitzakia; mahaiaren bueltan lau kontu egitea.
Ez zuen arrazoirik falta, presa batean bizi gara nahita ala nahigabe. Ulertzen dut lanera bidean zoazela trena ez galdu nahi izatea, edo alaba zain ez edukitzearren presa pixka bat sartzen diozunean zure buruari, baina oporretan? Nahi gabe beti korrika ibiltzeko harra barruan sartua dugu, errotuta, harratuta. Beti eman dit atentzioak adibidez hiri handietako metroetan jendea korrika ikustea metro bat edo beste hartzeko, handik bi, hiru edo lau minutura beste bat etorriko denean. Agian izango da hiri handi horietan ni oporretan nagoela, eta nire barruko harrak beste biorritmo bat hartzen duela; agian izango da nire presak ez duela hiri handietako presarekin zerikusi handirik.
Astebete badaramat oporretan dagoeneko, edo nahiago baduzue lanera joan gabe, eta konturatu naiz ez dudala niretzat denborarik hartu. Noski beranduxeago jeikitzen naizela, baina esan nahi dut presaka eta denborarik gabe ibiltzea gustatzen ez zaidala lan egunetan, baina aldiz librexeago dudanetan denbora hori okupatua izatea bilatzen dudala, bestela denbora galtzen ari naizela iruditzen baitzait. Kirola egitera joko dute batzuek, beste batzuk opariak erostera, edo aspalditik etxean zuten txapuza hori bukatzera, baina ez diot inorri entzun oporraldia hartuko duenik urteko azken egunetan hain bogan jartzen diren urtearen errepaso bat egiteko, ea zer moduzko balantzea ateratzen zaion, adibidez. Produktibitatea bilatzen diogu baita oporraldiari ere. Ezer ez egitea oso gaizki ikusia dago, eta buruari bueltak emateak ez du epe motzeko emaitzarik askotan.
Epe motzean bukatuko zaiguna gabonetako opor garaia da zoritxarrez, aurten ere loteriarekin zorterik izan ez badugu behinik behin. Eta berriz etorriko dira presak, hurrengo oporraldia ahalik eta azkarren iristeko, gehienetan.