Orain ez urte gehiegi kotxe jabe orori behartu zitzaigun autoan bi hirukitxo eramatera eta baita kolore hori deigarriko txaleko bat edo beste. Egia esan nik ez dut sekula erabili behar izan, eta eskerrak, baina oso zentzuduna iruditzen zait erabakia, nabarmen ikusten baita norbait horrelakorik jantzita badarama, eta noizbait errepide erdian nire burua aurkituko banu, besteek bertan nagoela ohartzea estimatuko nuke.

Nabarmen ikustea dute helburu ere, txaleko edo jaka horia jantzi, eta Frantzian eta Ipar Euskal Herrian protestan atera direnek ere. Erregaien prezioan igoera bat proposatu zuten Macron-en betearazletik, eta jendeak horri planto egin zion. Beste zenbait erabakirekin ere ados ez zirela probestuz, egoera aldatzeko asmoz. Chapeau, zerbait nahi duenak horregatik borrokatu behar du eta. Honezkero konturatuko zineten bizitzan gure aldeko aldaketak ez direla haize aldaketekin edo zoriz etortzen, norberak borrokatuta baizik.

Beti iruditu zait deigarria Bidasoa ibaitik goiti bizi direnek nola eusten dieten euren eskubide eta aldarrikapenei. Hegoaldekoon ikuspegitik jende lasaia, ardozalea eta goiz afaldu zaleak diren horiek, ederki mugitzen dira bai eskubide zibilei dagokienean kasu. Oraindik gogoan dut nola erretiro adina igotzeko saiakera egin zuen aurreko gobernu batek, eta herria mobilizatu zen hirurogei urteetan gera zedin muga sakratu hori, eta bitartean, Pirinioen hegoaldean, krisiaren izenean hirurogei eta zazpi urteetara igo zuten, denok izorratu, eta inor mugitu ez zenekoa. Penagarri. Pentsio funtsetan dirua sartzera ere gonbidatzen gaituzte etengabe, erretirorako garaian zaku hori agortua izango delakoan. Beldurra sartzeak ez du inoiz porrot egin, eta oraingo honetan ere ez. Segi dezagun horren alde zergak ordaintzen batetik, eta banketxeentzako bazka sortzen beste aldetik.

Pare bat hilabete izango da ere irakurri nuela nola Hego Euskal Herriko bi probintziak ziren greba egun zenbakietan alde handiz garaile ateratzen zirenak Espainiako autonomia erkidegoen ranking horretan. Oker gogoratzen ez badut, gure bi erkidegoetako bakoitzak ia bikoizten zuen beste edozein. Azpian zetorren hausnarketa aldiz deigarriagoa egin zitzaidan eta horrelako zerbait zioen gaztelaniaz: Kasualitatea izango da bi erkidego grebazaleenetan lan baldintzak ere nabarmen hobeak izatea. Berriz lehengoko lepotik burua. Arrainik jan nahi duenak, busti beharko du.

Ez da nire asmoa inor baino hobeto edo okerrago gaudela ulertaraztea, asko baitago oraindik hobetzeko eta lortzeko, baina argi ikusten dut helburuak lor-tzeko bidea, besteengandik laissez faire gutxiago espero, eta goaz bada geurea bilatzera, zenbait okerrago daudela ikusteak ez baititu jaka horiak eten, eta ez gaitzala gu ere mantsotu.