Pasa den astean trebakuntza-saio batean nengoela, hizlarietako batek aipatu zuen nola gure hezkuntza sistemaren helburuetako bat elebitasuna den, eta ondorioz ez dugula zertan lotsatu nazioarteko programetan gure hezkuntza sisteman euskara txertatua dagoelako edo hizkuntza nagusitzat erabiltzen badugu bertan ere. Alegia, emakume hark esan nahi zuen euskara plus bat dela, eta ez minus bat eta nazioartean hau aurkezteko garaian, ez duela zertan oztopo izan behar. Ulertzen dut Finlandiako administrazio-praktikak egin behar dituen mutil bat ekarri behar baduzu lantokira, agian ez duela berak amesten zuen erdara pila ikasiko jarduna euskaraz egiten den enpresa batean, baina tira, agian gaztelania praktikatzeaz gain, ikasiko ditu oinarrizko kontzeptu batzuk beste hizkun-tza batean, eta nik dakidala inori ez dio kalterik egin hizkuntza gehiago jakiteak, alderantziz baizik.

Baina zorionez, edo tamalez, ikuspegiaren arabera, erdararen erabilera bermatua dago gurean. Finladiarrak ez luke arazorik izango gurean gaztelania edo frantsesez aritzeko. Oso positiboa da eleaniztasuna, ados, baina batak bestea jaten ez duenean betiere. Kexaka aritzen dira sarri erdaldun hutsak, beren eskubideak bermatuta ez baleude bezala, euren hizkuntza baztertua sentitzen dutelako nonbait. Beste ume bati piruleta ematen diotenean kasketa harrapatzen duen ume piruletadunaren gisan.

Ez ezazue zuen burua engainatu, erdarak egoera larrian baleude, Erdaraldia ospatuko genuke, eta ez Euskaraldia. Ez genituzke txapak soinean jarri beharko, edo esfortzu txiki bat egin behar gaztelaniak edo frantsesak indarra har zezaten. Ez zait sekula pasa taberna batera hurbildu, erdaraz eskatu, eta zerbitzariak Euskaraz mesedez erantzutea. Erdaraz ikasten ari naiz. Poliki-poliki. Imajina dezakezue egoera hau? noski ezetz. Ez zait sekula ere pasa administraziora jo, erdaraz hasi eta bertakoak hizkuntza-aldaketa eskatzea, edota mahai gainean ikur bat izatea Sé castellano edo Je parle français, hizkuntza hauetan egitera gonbidatuz. Kasualitatea izango da.

Ziur naiz testu hau irakurtzen duzuenon artean, denak, ehuneko ehunak, gutxienez elebidunak zaretela. Beste asko aldiz irakurri gabe geldituko dira, eta ziur aski ez dute askorik galduko, baina tira, kalte ere ez lieke egingo. Bizitzan gutxitan gertatuko zitzaien ordea zerbait ulertu gabe geratzea euskara hutsean dagoelako. Agian eskatuko didate testu hau itzultzeko, beste zenbaitetan eskatu didaten bezala, haiek euskaraz ulertzen ez zutelako, eta noski, begirune minimo bat izan beharko nuke haienganako gainera, gaixoek ez baitakite euskaraz. Baina egoerari buelta emanez inongo euskalduni ez zaio bururatuko eskatzea egunkari osoa euskarara itzultzeko, adibidez, pentsatzea ere ez gara ausartzen, askotan gure hizkuntza eskubideak erreklamatu eta astun xamarrak ote garen ere etortzen baitzaigu burura. Agian barkamena eskatu beharko nieke ulertu ez nautenei, baina ez naute ulertuko berriz ere.