TREN bidaia batean nintzen, hasieran bakarti samar, baina agudo bete zen hura, bi edo hiru geltoki baino lehen konpainia nuen ezker-eskuin. Atzeko eserlekuetan bi lagun elkartu ziren, edo, beno, ezagunak behinik behin. Elkar ezagutzen zituztenen kontua eman ostean, gazte garaitako parrandak errepasa.-tzen hasi ziren, nola ibiltzen ziren batetik bestera, Donostiaraino joan izan zirela parrandan bi edo hiru garraiobide ezberdin hartuta, eta baita Bilbo edo Iruñeraino ere abenturaz jositako hamaika bidaiatan. Jan edana zuten aitzakia gehienetan, onartu behar.
Autostop gaia ere atera zuten. Haiek dedo egitea deitzen zioten, baina gauza bera da azken finean, errepide bazter batean jarri, hatza erakutsi eta zain egon, ea baten batek zure etxe aldera gerturatzeko borondatea duen. Gizatasunean fedea. Maiz jartzen omen ziren gaueko ordu txikitan haien herrira gertura-tzeko esperantzaz. Autobusa etorri bitartean bizilagunen batek jasotzen bazituen, biharamuneko kafea ordaintzeko adina aurreztuko zuten gainera.
Arrazoi faltarik gabe aipatu zuten gaur egun ez zela horrelakorik, ia erabat ahaztutako ohitura zela eta pena punttu bat ere sumatu nuen haien hitzetan. Azkar bota zuen batek ordea: niri ez litzaidake gustatuko nire semea horrela ibiltzerik. Ttak, hortxe dago koxka. Duela hamar, hogei urte erabat normala zen zerbait, gaur egun, gure segurtasunaren izenean desagertu dela. Jende gaiztoa azken urteetan biderkatu egingo zen, lehen ez zen horrelakorik nonbait.
Ezin diegu gure seme-alabei antivirusik jarri, bestela jarriko genieke, eta Black Mirror telesaileko atal batean ikusten genuen bezala, kamera bat jarri ahalko bagenie ere, jarriko genieke, haien hobe beharrez edo, gure lasaitasunerako. Hori bai, independente izango dira, beren kabuz pentsatu eta ekin, kritikoak izan inguruarekin eta gainera seme edo alaba idealak. Baina kontrolpean. Aske bai, baina nik nahi dudan moduan.
Lagun batek aipatzen du erdi txantxetan haur parkeetan gomazko zoruak jarri zituztenetik, hautespen naturala ezabatu dugula. Entxufeak tapatzen ditugu, mahai izkinak babestu eta kaletik paseoan batzuk uhaletik tiraka ateratzen dituzte txikiak, zakurrak bailiran. Ez al diegu beren kabuz ikasteko aukera kentzen, bizitzarako prestakuntza ukatzen hainbesteko babesa emanez? Sua ukitu eta erretzen ikasten du batek ez duela ukitu behar. Gero, haurrak pixka bat hazi eta haien kabuz ezer egiteko gai ez direla ikustean kanpo arrazoiren bat bilatzen saiatuko gara; internet, bideojokoak edo ikastola. Ezinezkoa baita gure gehiegizko babesak ergelak sortu izana.