AURRERA mutilak esaten zuen Realeko ereserkiak, aurrera Reala esango du hemendik aurrera. Erremerrearen infernua. Aldatu diote izena, mezu inklusiboago bat erabiltzearren. Ez dira soilik mutilak lehiatzen direnak, eta mezu berriarekin denak sar genitzake multzoan, bereizi gabe, neska, mutil eta ez binario. Ondo, hasieran arraroa gertatuko da, baina dena bezala, ohitze kontua.
Lehenengo aldiz entzun nuenean harritu egin ninduen, ez zaituztet engainatu nahi. Mikrosegundu batez, mikromatxismoz edo, hau ere aldatu behar al zen? galdetu nion nire buruari, eta segidan, baietz, edo hobeto esanda, zergatik ez. Abestiak ez du zentzurik galtzen, ez du bereizten, eta gaizki-gaizki ez da gelditzen, egia esan.
Mezua inklusibo bihurtzea erabili dute aitzakiatzat, genero berdintzea esango nuke nik, edo generorik ez bereiztea arrazoi nagusitzat, eta ezin bainarik jarri horri. Eta tradizioaren izenean, edo tradizio estatikoaren aitzakian hobe esanda, oztoporik jartzen baldin badiezu horrelakoei, zuretzako kalte. Feminismoaren olatua badator, badator tsunamia hobe esanda, eta aurrean jartzen den oro eramango du berekin, zentzuzkoa baita aldarrikatzen dena. Zentzuzkoa eta beharrezkoa.
Olatu indartsua datorrela nioen, inoizko indartsuena ziur aski. Hizkuntzaren olatuak ez zituen euskal taldeak astindu. Denek dute izena erdaraz, dena ez bada zati bat, eta euskararen olatuak ez zituen aldarazi. Eta aldatzen jarrita, inklusibitatearen izenean, bururatzen zaizkit Real bezalako izendapenak kentzearen ideia. Horrelako kontzeptuak aurreko mende hasieran agian izango zuten zentzurik, baina gaur egun ez. Beharrezkoa ez den lotura sortzen du errege etxearekin, eta zerikusi gutxi edo bat ere ez du taldearekin ez kirolarekin. Zaharkitua dago izena, zaharkitua errege etxea eta zaharkituak horiek bertan mantentzen dituzten sistema politikoak. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Futbola eta generoa alde batera utzi gabe, aste honetan, Real Madrilek Melillan zuen kopako norgehiagoka, eta madrildarrek entrenatzaile berria izaki, segituan galdetu zioten kazetariek ea nola jokatu behar zuen afrikarren aurka. Taktikoki galdetzen ziotela pentsa genezake, edo zein jokalari aterako zituen, edo zein ez, baina Solari entrenatzaileak bi potrorekin jolastu behar zutela erantzun zuen. Segituan ihardetsi Melillako ekipotik txio bidez haiek hogeita bi potro jarriko zituztela zelai gainean. Olé. Horiek bai mezu berdinzaleak, zainduak, barnera-tzaileak eta genero bereizketarik gabekoak.
Ereserkia aldatzea txalotzen dugu aurrera pausua delako, baina ia aldi berean horrelako mezuak entzuten ditugu kirol eta liga berdinaren bueltan, eta zalantza sortzen da nire barruan; eta politikoki zuzena denaz gain, berdinketaren aldeko apustu erreala egingo bagenu? Aurrera mutilak! Aurrera Real(itate)a!