Gipuzkoar Kortsarioen inguruko erakusketa bat omen dago ikusgai Donostiako Aquariuman. Albistea irakurtzen ari nintzela, paretak garai hartako itsas gizonen irudiz atondu dituztela ikus zitekeen argazkian. Belaontzi handiak, urrutira begiratzeko prismatikoak, loro txikiren bat, eta iruditu ez bazait ere, ziur partxedun kapitaina ere bazela nonbait. Zero aurreiritzi. Jack Sparrowren irudia soilik falta zen itsasgizon idealizazio erromantikoaren harira. Gero ez gaitu bada harrituko pirata eta kortsario artean bereizteko gai ez izatea, denak ederki asko bizi zirela dirudi eta. Amoranteak portu bakoitzean, etengabe bidaiatu eta justiziaren izenean gaiztoak eskarmentatu, plan ederra. Ez aipatu inondik lapurreta, hilketa, bortxaketa eta gaixotasun kutsakorrak, zer nahi duzue egia ala egia polita?
Garai hartako eta egungo etika eta joerak konparatzeari ekin nion bat-batean. Otu zitzaidan garai hortako kortsario bati egungo ezaugarri bat jartzea. Adibidez, ezin imajina genezake horrelako itsasgizona haragiari edo arrainari ezetz esaten begetarianoa zelako, animalien sufritzea jasan ezin zuelako. Jarri pentsa-tzen eskifaiak nola begiratuko liokeen animalien sufrimenduari buruz azalpenak ematen hasiko balitz. Tipo hau jota zegok! eta azkeneko epidemiak beregan arrastoren bat utzi zuelakoan marrazoen bazkarako prestatuko zuten, haiek ez baitira begetariano, oraindik orain behintzat.
Garaiak aldatzen dira, eta gure jarrera eta joerak ere bai. Beti eman izan digute erreparoa aldaketek, batez ere orain arteko hura zalantzan eta balantzan jartzen badute. Baina gu geu adinarekin aldatzen garen bezala, gure ingurua ere aldatzen da, eboluzio bat ematen da eta batzuetan aldaketa hori guk nahiko genukeena baina azkarrago ere gertatzen da, egokitzeko beta eskasarekin. Betidanik izan du gizakiak egoera berrietara egokitzeko sekulako gaitasuna, eta horrek berak egin gaitu guztiaren jabe eta eskubide-emaile. Duela zenbait milurteko ehizatzeko gaitasuna, edo jakiak bilatzekoa, izango ziren desiragarrienak; baina egun, zorionez edo zoritxarrez, horrek ezer gutxirako balio liezaioke edonori, salbuespenak salbuespen. Gure beharrezko konpetentziak errotik aldatu dira.
Kortsario ogibidea ez zen ziur aski gaizkiegi ikusia izango, bizitza aurrera ateratzeko beste modu bat izango zen, laborarien baratza-mundu monotonotik atera eta abenturak bizitzeko aukera paregabea ere izan liteke, baina egungo jendartean ezingo litzateke txertatu horrelakorik erraz, bizitzeko modua soilik ez eta gure baloreak ere aldatu baitira. Oraindik astronautatzat izaten dugu bizitzan egonkortasuna bilatzen ez duen hori, bada pentsa itsasoan topa ditzakeen altxorrekin bizirautea espero duen hura nola hartuko genukeen.. Bizinauta gutxi gure artean, eta kortsarioa martziano.