Plan bat egutegian kokatzen saiatzen aritu nintzen aurrekoan. Mugikorra eskutan, egutegiko aplikazioari begira puska batean, hilabeteak aurrera eta atzera pasatzen egon nintzen ea tartetxorik topatzen nuen. Nahiko zaila egin zitzaidan beste planik ez oztopatzeko moduan data finka-tzea. Eskerrak ministro ez garen.

Zorionekoa zu, esango dit baten batek, badudalako denbora zertan bota beti, baina honek guztiak agobio puntu bat sortzen didala onartu beharra daukat. Egia da plan ia guzti hauek aisialdiarekin lotura dutela, eta beraz horrek ez lidakeela itolarririk sortu beharrik, baina tartetxo bat ezin topatzeak arnasa pixka bat estutzen dit.

Kontziente naiz aldi berean, arazo hau, arazo bada, gure munduko arazoa dela. Gauza asko egiten ditugu, egin behar ditugu, aspertzea ez baita zilegi. Ez dakigu aspertzen. Ez dakigu egonean egoten. Gure eguneko txoko guztiak betetzeko beharra dugu, bestela bizitza ez baitugu biziko irudiz, carpe diem-a sakonegi errotu zaigu. Denbora probestu edo bota egiten dugu, ez erabili.

Hainbeste denbora eskaintzen diogu spinning, yoga edo triatloiari, sarritan gure barrura begiratzeko tarterik ez dugula hartzen. Jarri zaitezte pentsatzen noiz deskubritu zenuten azkenekoz zuen burua infinitora begira tarte luze batez. Nik ez dut gogoan adibidez noiz erabaki nuen azkenekoz tarte bat hartzea ezerezerako, nirekin egoteko, buru barruko Diogenes-a antolatzeko besterik ez bada ere. Eta nahigabe gertatuz gero, alegia, ondokoak susmatzen badu abstrakziora jo duzula, segituan botako dizu ea zertan ari zinen pentsatzen, eta bueltatzeko lur planetara, ez daukagu eta galtzeko denborarik. Kontuz bitan segida xamarrean harrapatzen bazaituzte ilargian, azkenaldian tonto xamar edo joanda bezala zaudela adieraziko baitizute berandu baino lehen, eta alarmaren bat piztu dezakezu gainera, zerbait gertatzen ote zaio honi?

Pentsa momentu batez garai bateko eremita edo aszeta batek, bizitza kontenplatiboa zuten horiek, nola ikusiko luketen gure eguneroko zurrunbilotsua, nola ulertuko luketen gure egunek ez dutela puntako orduak ez diren ordurik. Edo prisma aldatuz, nola begiratuko genioke guk beti presaka bizi ez, eta bizitza hausnartzeari eskeintzea erabaki duen horri. Ez du golpe zorririk jo nahi!

Gaur egungo belaunaldiek ez omen dakite aspertzen, eta nik, zorionez edo tamalez, nire burua talde horretan kokatu beharko nuke. Egunean egiten ditugun mila gauzen artean tartetxo bat geratzen bazaigu, jo dezagun pare bat minutu ditugula trenaren edo autobusaren zain, edo norbaiten zain gaudela, Clint Eastwood-ek pistola baino azkarrago ateratzen dugu mugikorra. Pantailako argiak hutsune hori betetzen du, gure dosia ematen digu, denbora okupatuaren yonkiak gara.