Lorpen horiek baino lehenagokoa da Euskal Herrian inoiz egin zen urratsik garrantzitsuenetako bat: atzo bete zituen 100 urte Emakume Abertzale Batzak. Mendeurrenaren aipamen eta goraipamenek ez lukete ernamuin izan zuen alderdi jeltzalera mugatu behar, ezta euskal abertzaletasuna ere. Ideologiez eta borrokez harago, emakumeen ahalduntze ekinbide funtsezkoa izan zen, XX. mendeko mugarrietako bat.

Hainbat alorretan eragiten saiatu ziren: ongintzan, emakumeen prestakuntzan, haurren irakaskuntzan... Baina haien jarduna ez zen isilpeko lanera mugatu; politikoki eta sozialki oihartzun handiko ekinbidea izan zen, eta zenbait mitinlari aipagarri ere izan ziren haien artean.

Beste aldarrikapenik ere ekarri zuen atzoko egunak: Euskal Errepublikaren Eguna ospatu zuten Azpeitian. Izan ere, 1931. urtean Euskal Errepublika aldarrikatu zuten 19 herritako udalbatzek. Hauxe da zerrenda osoa: Azpeitia, Bergara, Bermeo, Elorrio, Errenteria, Getxo, Hernani, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Markina, Mundaka, Oñati, Orio, Urnieta, Usurbil, Zaldibia, Zestoa eta Zumaia.

Ildo bertsukoak izan ziren onartutako mozioak. Azpeitikoa, esate baterako, aho batez onartu zuten, eta espresuki egiten zuen autodeterminazio-eskubidearen aldarrikapena. Onartutako mozioa telegrama bidez igorri zioten Niceto Alcalá Zamorari, Espainiako Errepublikaren behin behineko presidenteari.

Emakume Abertzale Batza eta Euskal Errepublika, gure herriaren nortasunaren eta bizinahiaren erakusgarri diren bi ekinbide garrantzitsu, elkarren elikatzaile. Zain eta ernamuin.