GIAN, albiste ona izan daiteke: Frantziako populuaren erdia baino apur bat gehiago ez da (oraindik?) faxista. Horixe da Frantziako hauteslekuak itxi eta gero ateratzen den bote-prontoko ondorio sinplea.

Ez Macron, Ez Le Pen leloak ez du eraginik izan, eta ondorioz, Macron berriro jesarriko da Fran-tziako presidenteren aulki panpoxoan. Atzetik, oso gertu, Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiaren irudi moderatuak argi berri bat ekarri dio herrialdeari, azken honek lortutako boto kopuruak gora egin baitu azken hauteskundeetatik hona. Argi dago emakumeak ulertu duela muturrera joz gero ez duela probetxuzkorik lortuko, eta kanpaina osoan politiko arrunt moderatu baten rol horretan murgildu da. Baina guztiok badakigu nortzuk diren ultraeskuindarrak, eta zer-nolako idearioa duten. Utikan!

Hortaz, gizon fin horrek irabazi duen arren (Fran-tziako hiri handienetan lortu du babes gehien), besteek ez dute galdu (hamarretatik lauk 4 Le Peni eman diote botoa), eta gauzak ez daude barre egiteko moduan, izan ere, Europa osoan neoliberalismoak faxisten boterea eta irudia haizatu ditu.

Eta gugandik hurbil? Gure Euskal Herrian zer gertatu da? Bada, esan daiteke orohar, Emmanuel Macron garaile agertu dela, baina puntu beltz ba-tzuk baditugu, Le Pen Ipar Euskal Herriko hiru herritan garaile izan baita: Banka (BN), Etxarri (Z) eta Gixune (L).

Kezkagarria? Bai. Izan ere, lehen aldiz, hiru lurralde horietako herriren batean ultra eskuina garaile izan da. Eta ez hori bakarrik, hainbat herri populatu ezagunetan, faxistak ia boto kopuruaren erdira heldu dira (puntu batzuk beherago), tartean, adibidez, Aldude edota Urepelen. Ez ote da estonagarria? Xalbador poetaren herrian?

Beste datu bat ere argitara atera da: ia 56 mila herritar eskuinaren aldekoak dira.

Beste aldetik, nabarmentzekoa ere bada, aurtengo hauteskundeetan Macron politikariari emandako zaplastakoa abstentzio esanguratsuaren bidez, azken 50 urteetan handiena.

Modelo politiko hori itotzen ari da, eta horren atzean nork ekarriko du salbazioa?