ZKEN egunotan, nonbait entzun dut Omicron -pandemiaren seigarren olatua zorrotz gidatzen duen birusaren aldaera- Jainkoa bezalakoa dela: estutu egiten du baina ez ito. Dibinitateak alde batera utzita, arnasa lasai samar hartzeko aukera badugu oraindik, argi dago ez dela birusaren eskuzabaltasunagatik baizik eta txertatuen ehuneko handiagatik baita txertoen eraginkortasun frogatuagatik ere. Hau esanda, kutsatzeak handitzearen ondorioz gure osasun-langileentzako lan-karga eta erangidako koste pertsonalaren erantzutea guztion betebeharra da, haien ahaleginekin bat eginez. Ondo dagola, bai, gobernatzen gaituenari baliabide gehiago, eraginkorragoak eta hobeto koordinatuak, eskatzea. Baina, zerbait egitearen edo ez egitearen erabakia gurea bada besterik ez, nori egin diezaiokegu txistu? Zer erreklamatu dezakegu? Noren aurrean? Berdin zait zein gehiegizkoa edota politikoki zuzena irudi naitekeen hau esateagatik baina, alarma-argi gorriak -gure eskubideak zapalduz eta bakoitzaren askatasun pertsonal sakrosantua hertsatuz- besteek pizten dituztelako aitzakiak ez duela jada balio argi daukat. Dena den, konbentzimendu berberarekin egoera korapiltsu honetatik elkarrekin eta auzolan aterako garela diot ere.

Tira... Ordu gutxi barru, aurtengo azken izkina bikoiztuko dugu urte berriari ongietorria emanez. Eta aukera ematen dit 2022rako nere desiorik onenak guztioi bidaltzea lerro xume hauetatik, Urdiainen, Nafarroako Sakanan, urtero ospatzen duten aintzinako erritu eder baten eskutik. Gauerdian, Ur Goiena Ur Barrena konjurupean, gazte talde batek herriko plazako iturritik zuzenki urteko lehen ura, zorigaitzetik eta ezbeharretatik babesten duena, edaten du. Gero, pitxerretan eramaten dute etxez-etxe gainerako bizilagunek ere edan ahal izan dezaten, etxe bakoitzeko atean hola hasten diren kopla batzuk errezitatzen dituzten bitartean:

-Arantzazu, zer dekazu? / Ur goiena, ur barrena, / Urteberri egun ona. /Etxe onetan sar dayena /bakearekin Osasuna, / onarekin Ondasuna.

Hala bedi. Urte Berri On denori!