Horrexegatik guztiagatik ez dut ulertzen, zer egiten duen EITBk ETB2rako edo Radio Euskadirako korteak gaztelaniaz ERE eskatzen. Ez dut uler- tzen. Abenduaren 3an, Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldian, justu Azoka ireki aurreko egunean, aisialdian euskaraz egitearen eta euskaraz gozatzeak duen garrantziaz hitz egin zuten agintariek. Bat nator ideia horrekin. Euskara ikasgeletatik atera beharraz. Euskara eta aisialdia uztartzeaz. Euskarari euskaraz aritzeko espazio naturalak aitortzeaz eta horiek jagoteaz.

Bada, hori guztia, medioetan ere islatu behar den kontua da. Ezin da Ondarroa bezalako herri batera joan eta hango arrantzaleei kortea gaztelaniaz eskatu, ez baita naturala. Ezin da herri txikietako festetan hango haurrengana joan eta kortea gaztelaniaz eskatu, ez baita naturala. Eta, beraz, ezin da Durangoko Azokara joan eta hara hurbildutako gazteei kortea gaztelaniaz eskatu. Ez baita naturala.

Erdal munduari euskal munduaren berri eman behar zaiola? Noski, baietz. Baina erdal munduari euskal mundua agertu beharko zaio den bezala, eta ez erdaldunduta. Ez baita naturala. Ez baita erreferentzialtasunean irabazteko bidea. Ez baita erdaldunei euskaldunok euskaraz egiten dugula esateko modua. Gaztelaniaz ere berdin bizi garela esatekoa baizik. Futbolariei komunikabideen aurrean euskaraz egitea eskatzen diegu, erreferenteak izan daitezela. Eta, gero, komunikabideek herritarrei kortea gaztelaniaz emateko eskatzen. A zelako mesedea EITB Taldearena!

Ez da, ez naturala, ez bidezkoa!