Zirrikituetatik begira

Usteak eta arrazoiak

24.11.2021 | 00:28
Usteak eta arrazoiak

EUSKO Jaurlaritzak uste zuen egoera covid pasaportea hainbat tokitan eska-tzeko modukoa zela. Uste arrazoitua, jakina. Baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uste du egoera ez dela pasaporte hori eskatzeko modukoa. Uste arrazoitua, jakina. Hobe esan, Auzitegi horretako bi epailek uste dute ez dela pasaportea eskatu behar, baina batek, azken aldian ospetsu egin den horixe berak, bai, eta horretarako boto partikularraren bidez azaldu du haren ustea. Uste arrazoitua, jakina. Guztiok, aditu eta ez-adituok, gainera, usteak ditugu arazoaren inguruan: beharrezkoa dela neurria, ez dela beharrezkoa, zuzena dela, ez dela zuzena, hori baino lehenago beste neurri batzuk hartzea komeni dela, Galizian, Katalunian, Italian edo Fran-tzian horrelakoak dituztela eta abar inoiz baino luzeago bat. Lerrook idazten ditudan bitartean, ez dakit Nafarroan zer erabaki duten, baina edozein dela erabakia ez naiz harrituko. Arrazoitua izango da, noski. Esan gabe doa uste batzuk beste uste batzuk baino garrantzizkoagoak direla. Eusko Jaurlaritzak badu ahalmena haren ustea indarrean jartzeko eta, aldi berean, Auzitegi Nagusiak ere badu ahalmena haren ustea herrialde osoan betearazteko.

Uste guztiak arrazoituta daude, ez ahaztu. Arazoaren muina, beraz, uste horiei eusteko dauden arrazoietan egongo da, nonbait egotekotan. Auzitegi Nagusiak eman dituen arrazoiak birpasatu ditut, bitxiak dira batzuk, oso bitxiak beste batzuk (nortasunaren garapenaz aritzen dena, adibidez); bitxiena da, nire ustez, covid pasaporteak askatasun artistikoari kalte egingo liokeela dioena. Ez nekien nik epaileak adituak zirenik psikologia bezalako arloetan, edo horren kezkatuta zeudela adierazpen artistikoarekin eta sorkuntzarekin. Egunero ikasten da zerbait. Agian jantzita daramatzaten toga horiek bihurritu diete arrazoia, batek daki. Edo prestigio galerarako bidean lasterrago joan nahi dute. Auskalo. Edo oposizioko politikari izatea da haien benetako helburua.

Esaera zahar bat dabilkit buruan zutabea idazten hasi naizenetik: usteak erdia ustel.

noticias de deia