Jatetxea ohi bezala argiztatuta zegoen. Mahaietan, ordea, kandelatxoak genituen, afariari intimitate handiagoa emateko edo. Boteprontoan, mahaikide bati otu zitzaion esatea, afaltzeko kandelak nahikoak zirela. Energia hori aurreztu zitekeela. Jendez mukuru zegoen jatetxean, batzuetan gertatu ohi den bezala, isiltasuna nagusitu zen segundo laburretan esan zuen, afari hura kandelen argipean egin zitekeela. Eta jatetxean isiltasuna nagusitu zen. Jateari utzi genion. Mugitzeari. Arnas hartzeari. Ideia ahots goran eman zuenak eskuak burura eraman zituen "ez zen nire asmoa protagonismo hau nireganatzea" esan nahiz bezala. Metreak, ostera, ez bat eta ez bi, salako argiak itzali zituen. Segundo batzuez izoztuta bezala gelditu ginen. Zer gertatuko. Eta, pixkana-pixkana, marmarra hedatzen hasi zen, afariak, berriro ere, argiak itzali aurretik zuen kolorea hartu zuelarik.

Mahaikideek, gertakizun hura ohikoa ote zen galdetu zuten. Donostian gauzak horrela egiten ote diren. Bezeroaren ahotsak hainbesteko indarra ote duen... eta ezjakinarenak ziruditen galdera haiek erantzutean konturatu ginen, keinu txikiek duten garrantziaz. Bai kontzientziatze lanetan, eta baita, kasu honetan, energiaren erabilerari dagokionean ere.

Nire mahaikideei afaria ez zitzaien merkeago atera kandelen argitan afaldu izanagatik. Baina pozarren bueltatu ziren hotelera, mundua hobetzeko keinu baten inspirazio izan zirela sinetsita. Eta barruko argiak itzali ostean, jatetxearen salako leihoetatik bistaratu zitzaigun Donostiaren gaineko ikuspegia paregabea iruditu zitzaielako.