ERGAK ordaintzea ez dugu izaten gustukoa baina oinarrizko zerbitzu publikoak ikustean harrotasunez esaten diogu elkarri geure zergei esker eusten diogula gizarte ongizateari. Eta halaxe da. Egun hauetan ondarearen zerga darabilgu aho mihietan. Eta gaiak merezi du argitasun apur bat zeren Hego Euskal Herrian soberania fiskala izanda ere, Madrileko Gobernuak tipo hori zerora jaitsi izanak piztu du gure artean sua.

Esango nuke Euskal Herriko enpresa-arduradun gehienak ez daudela zerga honekin kezkatuta, ordezkariren batek aurkakoa adierazi duen arren. Bi miloi euroko balioa duen ondarearen jabe behar da izan zerga hori agertzeko. Gure enpresa-ehuna kontutan hartuz, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren %1a baino gutxiagori eragiten dion zerga hau desagertzearen aldeko gehienak errentariak edota oinordetza handiren bat jaso duten pertsonak izango direlakoan nago, enpresariak izan edo ez.

Enpresen eta herrialdeen lehiakortasunak gutxi du ikusteko ondarearen gaineko zergaren gora beherekin, are gutxiago Diaz Ayuso andrearen neurri fiskalen azpian dagoen filosofia politikoarekin. Euskadiko -eta Europako- enpresen lehiakortasunak osagai bat baino gehiago ditu, denak zerga hori baino eragin handiagokoak. Baltzuen gaineko zerga, inbertsioen kalitatea eta hura egokitzeko laguntzak, pertsonalaren prestakuntza eta kualifikazioa, ekoizten diren produktu eta zerbi-tzuek merkatuetan duten arrakasta eta azpiegitura publikoen egokitasuna dira, besteak beste, lehiakortasunari eragiten dioten faktoreak.

Gure ispilua ez da zentralismorik basatiarrena defenditzen eta ordezkatzen duen egungo Madrileko gobernu autonomoa. Badira Europan begirada sakonagoa merezi duten lurraldeak lehiakortasuna eta fiskalitatea, biak, eredugarriagoak dituztenak. Alemaniaren presio fiskala, esaterako, %41,5 da, Danimarkarena, %46, Frantziarena %47,4 eta Belgikarena %45,9. Espainiarena ostera, %35,2koa. Ez dago Madrilera begira jarri beharrik. Badugu nora.