UELA hilabete batzuk, norbaitek gaztelaniazko colada hitza ahoskatuz gero, arropa garbigailu baten irudia zetorkigun burura. Gaur colada hitza entzuteak sumendi bat imajinatzera garamatza. Eta gero esango dute hitzek beti esanahi bera dutela.

Batzuetan pentsatzen dugu hitz baten esanahia mugiezina dela, finkoa, milaka urteko megalito baten antza hartzen diogu. Baina zapaltzen dugun lurra egonkorra ez den bezala, eta dena etengabe aldatzen doan bezala, pertsonak barne, hitzek ere gauza desberdinak adierazten dituzte beren denbora- eta espazio-testuinguruaren arabera. Horregatik, beste pertsona baten hitzak aztertzen ditugunean (edo, hobe esanda, epaitzen ditugunean), ezin dugu ahaztu hitz horiek berarentzat esan nahi dutena guretzat esan nahi dutenaren desberdina izan daitekeela. Horiek baloratzeko orduan, beraz, garrantzitsua da pertsona horrek bizi duen momentuari erreparatzea, zein den unea eta non esaten dituen hitz horiek, besteak beste. Bestela, nik garbigailua ulertzen dudan tokian, zuk sumendia ulertu dezakezu. Eta biek zulo handi bat duten arren eta horretatik gauzak ateratzen diren arren, arropak eta labak ez dute zerikusirik (nahiz eta kontrakoa pentsatu dezakezuen erupzioan sartzen den Valentziako artzapezpikuaren memea ikusi baduzue).

Beraz, inori esan zuenaren kontrakoa esaten ari dela aurpegiratu aurretik, jakin behar dugu lehenik eta behin hitzak bere testuinguruan azter-tzen. Agian ez genuen zehazki ulertu zer esan nahi zigun, agian komeni zitzaiguna bakarrik ulertu genuen. Izan ere, hori ere oso ohikoa da, hau da, entzun nahi dugunarekin bakarrik gera-tzea. Hori ere gaztelerazko colar hitzarekin zuzenean dago harremanetan. Gure belarriak, kasu askotan, gustatzen ez zaizkigun edo min ematen diguten hitzen eta esanahien iragazki handiak baitira. Auto-babeserako modu bat ere bada. Hitz mingarrien labak gure barnea ez erretzeko modu bat. Edo, beste era batera esatearren, esaldiak garbitzeko modu bat, gustatzen ez zaizkigun orbanak ezabatuz, gure burua garbigailu bat balitz bezala.