ANDORAREN kutxa Graziako mitologia-kondaira interesgarri bat da. Istorio horren arabera, Pandora Epimeteorekin ezkondu zen. Zeus jainko handiak ezkontzarako opari gisa kutxa eder bat eman zion Pandorari, baina inondik inora ez zabaltzeko esan zion. Bikotea lotu zen arte mundua lasaia zen, baina Pandorak kutxa ireki zuen eta zoritxar guztiak askatu ziren munduan. Kalte guztien sorburuaren metaforatzat hartzen da errelato hori.

Eta egunotan, Pandoraren kutxa zabaldu da berriz, eta zoritxarrak agertu dira barrutik fartsante, gezurrontzi eta iruzurti askoren izenekin batera. Aspaldian Panamako paperak deituriko kasua argitaratu zen, eta aste honetan, Pandoraren paperak izeneko ikerketa batek dio pertsonaia famatu eta aberats askoren diru-eskandaluak eta korrupzioak ez dutela mugarik. Ikerketa horretan makina bat kazetarik hartu dute parte, eta artxibo kantitate izugarrietan murgildu dira eskura heldu zaizkien dokumentu guztiak zehaztasunez arakatu dituzten arte.

Faltsukeriatan orratzen diren pertsona xelebre horiek (tartean, politikariak, futbolariak, ministroak, kargu publikoak, kantariak...) zerga iruzur itzelak egin omen dituzte, urteetan. Banketxeko txitxarroak, mandril burokratak, sugandila militarrak...

Orain, izen guztiak agertuko dira pixkanaka, eta jendea aho zabalik lotuko da (oraindik txunditzeko ahalmena dugu). Batzuk badakizkigu, eta politikan eta herritarren alde lan egin behar dutenen artean kokatzen dira lotsagarrienak, adibidez, Ekuadorreko presidente Guillermo Lasso, Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blair (Aznarren lagun mina), Ukrainako presidente Volodimir Zelenskieta, edo Sebastian Piñera Txileko burua, populuak bizitzeko baldintza hobeak eskatzen zituelako bere herriaren manifestazioak muturreko biolentziaz sarraskitu zituena. Farandulakoak ere badaude, Claudia Schiffer, edota Shakira eta Elton John musikariak.

Graziako mitologia-kondaira horrek ere dio Pandoraren kutxatik mundura gaitz guztiak zabaldu zirenean, barruan itxaropena baino ez dela geratu.

Itxaropena? Ba al duzue itxaropenik?