STALARITZA berriro bueltatu da ETBko albistegietara. Egia esan, ez dakit noizbait joan den, beraz, bueltatzearena zutabegilearen errazkeria dela esaten badidazue, ez naiz haserretuko. Pasa den ostegunean albistegia Gasteizen egitea bururatu zitzaien, ekoizleek orain modan jarri duten dinamismo edo transhumantzia nekagarri hori dela eta. Fundamentuzkoa zen arrazoia, egun horretan bertan Gasteizko Legebiltzarraren bilkura osoan (ikasturte hasiera eta hori guztia) Urkullu lehendakariak esan beharrekoen zain baitzegoen gure mundutxo politikoa. Gauerako, baina, Urkulluk esandakoa zaharkiturik zegoen albisteen parametroetarako, 1839. urtekoarena bota bazuen ere (zutabegile serioak 1839. urtekoaz hilabete osorako gaia izago luke), eta Gasteizko alde zaharrean unibertsitate ikasleek zein ondo dauden luzaz aritu ziren: "Ostegun unibertsitarioak" zer diren azaladu, elkarrizketak ikasleekin, ostalarien kezkak aletu; hor zegoen berriemailea, kale zaratatsuaren erdian ahotsa behartuz, errukarria iruditu zitzaidan une batez.

Gogoratu nuen, albisterik gabeko albistegi horretako minutuak aurrera zihoazen heinean, nire izeba klasista batek ostegunetan ateratzeaz esaten zuena (guztiok ez ditugu izan orain edonon atera-tzen diren aitona-amona edo osaba-izeba "guay" horiek). Kontra zegoen, jakina. Izan ere, aspaldian, merkatua zegoen Gasteizen ostegunetan: inguruko herrietako nekazariak barazkiak-eta saltzera etor-tzen ziren; arratsaldez neskameak paseoan atera-tzen ziren, baita hiria betetzen zuen soldadu mordoa ere. Nire izebarentzat ostegunak "neskameen eguna" ziren. Bitxia da tradizioak nola aldatu eta, aldi berean, mantentzen diren: nekazari, neskame eta soldaduen eguna zena "ostegun unibertsitarioak" dira orain. Ez dakit zer esango lukeen nire izebak bizirik balego, ez dut uste "unibertsitario" adjektiboarekin gehiegi liluratuko zenik.

Hurrengo egunetan berriemailea, beste bat, diskoteka baten barruan ikusi nuen, egun horretan berri nagusia hori izan baitzen. Bide batez, udal, autonomia eta estatuko bulegoetan arreta presen-tziala jarriko dute noizbait, ezta? Ea ateratzen duten ETBkoek taberna ez den zerbait.