Kalean dantzariak ikusi ditudanean, datorren ostiralean Nafarroako Parlamentuan mugaz gaindiko espazioen inguruan burutuko den hausnarketa, azterketa eta partehartze prozesuaz gogoratu naiz, Europaren baitan areago integratzeko aukerak irekitzen dizkigun lurraldeaz, hain zuzen ere. Bertan aztertuko baitira, erronka globalen aurrean, Europar Batasuneko mugaz gaindiko espazioek nola lagundu dezaketen lurraldeen arteko elkarlana sustatzen eta lurraldeen arteko kohesio ekonomiko eta soziala bideratzen.

XXI. mendeko Europaren eraikuntzan zeresan handia dute eta izango dute mugaz gaindiko lurraldeek, dantzan jarri ditugun hiriek. Europa hurbilagoa, gizatiarragoa eta efizienteagoa egin eta sentitu nahi badugu, mugaz gaindiko lurraldeen garapena ere orekatua izan dadin sustatu beharko baitugu. Eta, horretarako, lurralde horietako eguneroko bizitza ezagutu beharko da, lurralde ezberdinen arteko garapenerako beharrak zeintzuk diren zehazteko eta bizikidetza hobetzeko proposamenak lantzeko.

Dantzan, hirietan, erraz ikus daiteke elkarlanerako aukera. Nork bere erritmoa du, nork bere musika, gorputza sentitzeko eta mugitzeko nork bere modua. Dantzak kaleetan harrapatu gaituen hiritarrok, jantziagoak gara orain. Mugaz gaindi sortzen eta bizitzen den errealitateaz kontzienteagoak. Eta hurbilago gaude. Askoz ere gertuago, bestearena eta "elkarrena" denaz. Bizitzan eta elkarbizitzarako, dantzan bezalaxe, pausu zuzenak ematen ikasi behar baita. Elkarrekin.