IZKUNTZEN inguruabarrean gabiltzanok sarritan aipatzen dugu hizkuntzak, batez ere, gertaera sozial bat direla. Izan ere, pertsonek hizkuntzak, zeinu bidezkoak barne direla, behar dituzte nahiak, itxaropenak, kezkak eta abarrekoak aditzera eman eta gainerakoekin partekatzeko. Era berean, pertsonak, oro har, gizartean bizi dira, beste pertsona eta gizatalde batzuekin bizi dira eta bakoitzaren helburuak ez ezik taldeko helburuak lortzeko elkarrekin aritzen dira. Kontua da gizarte guztietan badirela norberaren interesak gainerako guztienen gainetik gainjartzen saiatzen direnak, bide batez, gainerako pertsonen osasuna arriskuan jarriz eta haien eskubideak urratuz.

Pentsamendu horrek kateatu ninduen aurreko astean, Donostian, kalez kale eta maskararik gabe, ehunka lagun ikusi nituenean, osasun-irizpideak bete gabe, pandemia gutxietsiz eta izurriteari aurre egiteko hartu diren neurri ororen kontra. Alperreko ahalegina iruditzen zait izurritearen kontua gezur handia, gu kontrolatzeko asmatu den gaitza eta gripe arin bat besterik ez dela diotenekin eztabaidan aritzea, Lurra laua dela baieztatzen jarraitzen dutenekiko iritziak trukatzea inora ez garamatzan kontua den bezala. Baitira bi mila urte baino gehiago Eratostenes Zirenekoak Lurraren zirkunferentzia kalkulatu zuela zehaztasun handiz... Baina zientziak asko aurreratu badu ere, kontu batean egin du kale, beharbada, ezinezkoa delako, erarik deigarrienean, zientzialariek ez dute burugabekeriaren edota lerdokeriaren kontra sendagairik aurkitu eta halakoren bat beharko genuke baldin eta soseguz, askotariko gaiez, normaltasunez hitz egingo badugu.

Kontua da, besteak beste, Donostian bildutakoek norbanako bakoitzaren askatasuna zutela hizpide. Askatasuna txertoa jartzeko, nolanahi eta nonahi ibiltzeko eta bizitzeko. Alabaina, irla edo muino batean bizi ez direnez, pentsatzekoa da gainerako herritarrekin partekatzen dituzten espazio eta jardueretan, gainerako herritarrek ere badutela eskubidea segurtasunez aritzeko eta, haien bizitza arriskuan jar ez dadin, neurriak har daitezen eska-tzeko. Izan ere, besteak beste txertoa jartzen ez dutenek, gainerako pertsona guztiak arriskuan jar-tzen dituzte eta euren askatasuna ezerezean laga-tzen dute.