643. urtean argitaratu zuen Pedro Agerrek, Axular izenaz ezagunagoa denak, Guero liburua. Lan hori dugu euskal literaturako lan nagusietakoa, besteak beste, euskara batua zehazteko ere balio izan zuena. Argitalpen horretan, egileak euskararen ahuleziak aipatu zituen, eta garai hartako herritarrek ez zekitela euskaraz idazten aipatu zuen, ezta irakurtzen ere. Halaber, esan zuen euskaraz gainerako hizkuntzetan beste liburu idatzi balira, euskara gainerako hizkuntzak bezain aberatsa izanen zela... eta hala ez bazen, euskaldunek zutela horren erantzukizuna, ez euskarak. Zorionez, ordutik, asko aurreratu dugu, besteak beste, zientziaren alorrean!

Eskarmentuak diosku ezein gai euskaraz landu eta irakats daitekeela, euskara hizkuntza modernoa eta bizitzaren alor guztiak asebetetzeko baliagarria baita. Izan ere, hainbat eremutan erabiltzen dugun neurrian, lantzen, moldatzen eta eguneratzen dugu hizkuntza, behinola Mitxelenak aipatu zuenez, aizkora, kasu honetan hizkuntza, zorroztuz. Inguruabar horretan, norbaitek pentsa dezakeenaren kontra, euskarak ibilbide luzea dauka osasunaren alorrean, aspalditik gainera! Ondorioz, norbaitek uste al du euskaraz dakiten gure medikuek eta euskara darabilten ikertzaileek, maskara, horren elementu arrunta, nola izendatu ez dutela jakin izurritea etorri arte, 2020ko apirilaren 12a arte, hain zuzen ere? Kontua da zientziaren eremua ezagutzen ez dugunok, iturrietara jo gabe, besapetik atera dugula musuko delako hori, horretarako, ustezko jatortasuna izan delarik erabilitako argudio bakarra.

Hizkuntzaren batasunak euskara noranahiko egitea bilatzen du, bai eta lurralde guztietako euskal hiztunak hurbiltzea ere... Eta horixe da asmakizun horrekin egin dugun bigarren hanka-sartzea, Ipar Euskal Herriko hiztunak ahaztu eta kontuan hartu ez ditugulako. Beraz, balia dezagun maskara euskal hiztunak batzeko keinu gisa eta izurritearen zabalkundeari aurre egiteko erabil dezagun aldi oroz, gure burua eta gainerakoena babesteko eta osasun zerbitzuei laguntzeko, gizarte honek hartzen duen erantzukizun partekatu gisa.