Zirrikituetatik begira

Desobedientzia

24.06.2021 | 00:58
Desobedientzia

LEGEAK konplitzeko daude, bai eta ez konplitzeko ere. Bigarren kasua ematen denean desobedientzia egiten ari zarela esaten dizute administrazio orokorretik. Nork bere burua bultzatzen du egoera horretara arrazoi ezberdinez, baina ardurenean, zedarritzen gaituen sistemak ezarritako arautegi esplizituarekin bat ez gatozenean, edota kontrako iritzia dugunean aritzen gara horrela.

Gobernariak ez ohi dira munduko pertsonarik intelegenteenak, poltsikoak betetzeko nahiak bultzatzen ditu aritzen diren politika esparruan aritzeko. Eta horretaz gainera, kontu batzuk ilogikoak dira, zapaltzaileak, antidemokratikoak, ideario bakarrekoaren aldekoak. Mundu modernoak ez du abiadura moteltzen eta etorkizun posibleak neurtzen du gure arnasa, baina halarik ere, aspaldian gainditurik eduki behako genituzkeen kontuak tai gabe agertzen dira gure zoritxarrerako.

Hortik dator, nahikoa da, edota aski da esateko tenorea. Eta horixe egin du balentria osoz Bernat Etxepare lizeoko ikasle talde batek. Euskaraz ikasi dute bizitza osoan, beren hizkuntza euskara da, egunero erabiltzen dute beren ikasketetan, baina dena dela, azken azterketak ezin dituzte euskaraz burutu eta frantses hutsez pasatu behar dituzte.

Horren aurrean, eta gaur egun ia kontu fiktizioa litekeen arren, desobedientzia ekintza bat burutu dute, eta euskaraz idatzi dituzte jakinda ez dizkietela zuzenduko, horretako borondaterik ez baitago. Negargarria da gaur egun euskaraz ikasteko eskubidea auzian jartzea eta horrelako erasoak jasan behar izatea hezkuntzaren munduaren barruan.

Frantziako Estatuak ez du bere lurraldean ematen diren hizkuntza gutxien aldeko babesik bultza-tzen, eta are gutxiago euskararen kasuan. Izan ere, duela gutxi hizkuntza gutxituen aldeko legea zentsuratu eta antikonstituzionaltzat jo zuen bertako gobernuak.

Ekimen sinboliko horrek ostera, sekulako balioa du, seguruenik atzetik datozenen nahiak gehiago errespetatuko direlako, eta batzuen samina beste bozkarioa izango da. Bidea irekitzen ahalegindu dira gazte euskaldunak gobernu atzerakoi baten kontra. Biba zuek!

Más información

noticias de deia