Zirrikituetatik begira

Kendu

17.06.2021 | 00:54

bADIRUDI argia ikusten ari dela tunel luze honen amaieran, ezta? Pandemiaren eraso bortitzetik arintze lasaiago batera egin du salto egoera sozio-sanitarioak, eta datu guztiek adierazten duten moduan bere bilakaerak biderik onena hartu du azken asteetan.

Bai, zeren eta datuek biziarazten baikaituzte. EITBn sailkatzen duten moduan Bizkaiaren, Arabaren eta Gipuzkoaren kasuak 150eko zenbakitik behera daude, eta beheranzko joera hartuta daude. Euskal Herriko beste lurraldeetan ere antzeko dabiltza, baina zenbait puntutan ezberdin ere. Ipar Euskal Herrian neurri zorrotzei agur esan diete, eta modu zuzenean gainera. Asteburuan lagun bat Biarritzen izan zen, eta kaleko jende asko musukorik gabe ibiltzen zela esan zidan. Areto barruetan musukoak ikusten ziren, baina handik irten ostean, jendeak kendu egiten zituen. Egia esan, Frantziako Osasun zuzendariak adierazi du uztailaren 1ean bertan behera gelditu daitekeela agindu hori.

Argi dago txertatzeak bere eragin positiboa izan duela, eta ondorioz, behinolako histeria kolektibo hori desagertuz doala pixkanaka. Hemen ere, normaltasunerako aldaketa nabarmenena musukoa kentzea izan beharko litzateke, kalean bederen. Eusko Jaurlaritzak esan ahal du kalean bere erabilpena gomendatzen duela, eta modu horretan aske biziko gara. Aretoetan, kafetegietan eta abarretan derrigorrezkoa izan daiteke oraindik, baina beti ere gomendioaren arabera, eta toki horietan ere laster edo berandu kenduko dugula jakitera emanez.

Argi dago espazio zabaletan, kalean eta gainera udan nahikoa erridikuloa dela gaur egun musukoa jantzita eramatea. Distantziak gorde egiten dira oraindik, beldur handia baitago jendearen artean, eta batzuek ez dute musukoa kendu nahi izango; ondo dago, baina beste batzuek bai, hortaz, gomenda daiteke bere erabilpena, eta kitto.

Hortxe ditugu datu dontsuak, txertaketak eta intzidentzia tasak adieraziko dute normaltasunerako bidea. Ea egiten ditugun agur oker horiek, benetako diosal bilakatzen diren, badakigulako nor den aurrean dugun ezaguna (edo ezezaguna).

Más información

noticias de deia