Euskal balioen inguruan ondutako "Garen hori" liburuan elkarrizketatu nuenean ere, Ximun Fuchs-ek argi nabarmentzen zuen NI eta GU kon-tzeptuen artean dagoen itsasoa eta, aldi berean, antzerkian parte hartzen duten aktore eta partaide guztiak bustitzen dituena. "Antzezlea an-tzerkiaren bidez mintzo zaio euskal komunitateari, amets kolektibo bat egiteko tresna eskainiz" defendatzen du berak: "Antzerkia itsasontzi handi bat da, zeinetan uretatik kanpora gelditzen diren elementuak ikusten diren baina ez ala ur azpian gelditzen direnak. Itsasontzi hori kolektibo handi batek eramaten du aurrera nahiz eta ez den kooperazioa antzerkiak eskatzen duen oinarri bakarra, zeren eta publikoak ere badu kooperatzerik. Antzerkia oso espazio sinbolikoa da, metaforaz betea, non ez den ezer erreala, eta publikoak behar duen kooperazioan lan egitea sinesteko hor gertatzen dena". Ximun Fuchs-ek berriro dei dagio euskal komunitateari, partekatzen dugun kultur kodearen bidez. Antzerkilariak zera azpimarratzen baitu: "Horregatik ulertzen du hartzaileak, kode bera darabilelako. Eta antzerkiak horixe taularatzen du: garena, sentitzen dugun era, gure izaera, gurea den kodean". Eta horixe da, hain zuzen ere, Konstituzio Kontseiluak dakarren muga, NIa eta GUaren artean ezarriz, NIa eta GUaren artean kokatzeko erakutsi duen ausardia lotsagabez. GUa osatzen dugun NI guztioi kode bera partekatzen jarraitzea dagokigu, gure hezkuntza eta kultur transmisiorako ditugun tresnen bidez barreiatuz, batez ere, NI guztiok GU egiten gaituen kode amankomuna.