ETIKO gutxiespenak, betiko zokoratzeak, betiko zangalatrabak, betiko atzerapausoak, betiko eraso linguistikoak, betiko baztertze kulturalak, betiko erdeinu, txikiespen, mespretxu, destaina eta nardak. Betikoak betikoengandik. Betiko pertsekuzioak hegemonia sozio-ekonomikoa arma gisan erabiltzen dutenen aldetik, hizkuntzen dibertsitateak ezertarako balio ez duela pentsatzen dutenengandik.

Duela aste batzuk Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu zuen, baina gero hainbat diputatuk horren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten esanez lege berri horretako artikulu bi herri hartako konstituzioaren aurkakoak zirela. Helegite horiek emankorrak izan dira, hizkuntzen altxorra eta beren alde egiten den lana gutxietsiz, modu ilogikoan beste behin. Ekintza fatidiko horrek Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean euskararen irakaskuntza zalantzan jarriko du.

Modu horretan ere, ozenki esan dute Frantziako hizkuntza frantsesa dela, eta ez dagoela besterik. Hizkuntza indartsuak makalduak jaten ditu, eta beste behin ere, Espainian egiten duten moduan aritu dira hor, hizkuntza boteretsuari loria guztia emanez.

Horren ondorio tipikoa zein den badakigu: euskara bigarren mailako hizkuntza bat dela, balio eskasa duena.

Euskal Herriko entitate, elkarte, eragile eta ordezkari politiko ugarik ahotsa altxatu dute hizkuntza gutxiagotu, kultura eta aniztasunaren balioak kontuan hartzen ez dituen erabaki gaiztoaren kontra.

Zer egin behar da orduan? Bada, borrokatu. Hala, Euskal Herriko euskalgintzaren aldeko makina bat eragileek maiatzaren 29an, Baionan antolatu den manifestaldian parte hartzeko deialdia egin dute. Salaketa eta batasuna izango dira deialdiaren bi ardatzak, betiko legez, hizkuntza eta herritarrak gutxiagotuak izan ez daitezen. Euskaltzaindiak ere bere haserrea erakutsi du esanez Konstituzio Kontseiluaren erabakiak ez duela apalduko euskaltzaleen engaiamendua euskara biziberritzeko.

Gorrotoaren kontra, kulturaren balioa.