ZKEN aste hontan, 6 emakumen hil egin dira indarkeria matxistaren eskuz. Ez da erraza egoera izugarri hau aztertzea, baina adituek hasieratik ohartarazi ziguten, baita agintariei ere, covid-19aren ondorioz agindutako etxez etxeko konfinamenduak eta mugimendu- askatasunaren muga-tzeak ekarriko zuenaz. Bereziki bi funtsezko gaiak azpimarratu zituzten: batetik, konfinamendu-aldian heriotza-arriskua murriztu egiten bada ere, erasotzailearekin espazio berean bizitzera behartuta egotean, bere kontrolpean eta salatzeko aukera gutxiagorekin, emakumearen aurkako indarkeria fisikoa, psikikoa edo sexuala biderkatu egiten dela. Eta bestetik, konfinamenduaren amaierarekin, ekuazioa alderantzizkoa dela: zenbat eta askatasun handiagoa, erasotzaileak biktimarekiko kontrol gutxiago, eta horrek areagotu egiten du eraso hilgarriaren arriskua.

Ba errealitate horri erantzutera behartuta dauden agintari politikoak porrot egin dute eta hori ezin da ezkutatu ohituak gaituzten haserre eta dolumin mezuen atzean. Orain arte, holako erantzuna besterik ez dute eskaini.

Joan den urtean 45 izan dira indarkeria matxistak erail dituen emakumeak, nahiz eta zenbaki jasanezina izan 2003tik hona zenbakirik txikiena da. Dena den, 2021. urtean dagoeneko 13 izan dira, momentuz... Ahaztu gabe indarkeria jasan dutela kontatu dezaketenak eta baita salatzen ez diren eraso guztiak ere. Sarraski hau ordea ez da urteekin arindu eta oinarrizko aldaketa eskatzen du: botere publiko guztiak koordinatzea eta baliabide nahikoa erabiliz, benetako gizarte-terrorismo honi behingoz aurre egitea. Ezin da ukatu: hiltzailea hiltzaile da eta izango da, tratu txarren hazia ereiten dutenek erasotzaile berriak hezten dituzte eta gure gizartea biolentziarekin zipristintzen dute.

Eta dudarik gabe, errealitate hau onartzen duen gizarte etsitua, agertokirik arriskutsuena da. Ez amorik eman!