Z dakit zein izan beharko lukeen egunkari zutabegile ofizioaren helburua; 2008tik nabil hemen, atera kontuak, eta orain arte ez diot galdera hori egin nire buruari. Uste dut egunerokotasunari zirrikituetatik begiratu, azpimarra egin eta irakurlearengan gogoeta sortzea izan daitekeela.

Gogoeta hori bururatu zait gehiegitan hona ekarri dudan gaia eta aldarria ekarriko dudalako, astuna naiz, berriz ere: Covid-19aren kontrako txertoen pantenteak askatuz, ekoizpena azkartu eta heda-tzeko premia dago. Behin baino gehiagotan aipatu ditut horretarako arrazoiak, baina aste honetan beste bat erakutsi digu errealitate gordinak.

Whashinton Post egunkariak hau zioen Apirilaren 23ko editorialaren izenburuak: "Indiako birusaren bat-bateko olatua ez da urrutiko arazoa". Eta galdera hau egiten zuen testuan: "Indiako 1,3 bilioiko populazioa isola daiteke? Nekez". Norbaitek uste badu Indian gertatzen ari denak ez digula eragingo, oker dago? Norbaitek uste badu Indiako birusaren aldaera ( bi aldaeren konbinazioa, hilgarriagoa eta txertoen eraginkortasuna gutxitzen duena) ez dela guganaino ailegatuko, oker dabil.

India da munduan botika ekoizpen handien duen herrialdea, eta, hartara, bertan ekoitzi dira mundura zabaltzen diren pandemia honen kontrako txertoetako milaka ale, baina, ai, ez dira behar bezainbeste ailegatzen bertako populazioarendako. Egia da aste honetan ikusi ditugun irudien arrazoia ez dela bakarrik txerto urritasuna, baina horrek ere zerikusia du.

Pandemia bat gaixotasun globala da, baina globalki erabaki gutxi hartzen ari dira gure agintariek, ustez, etxean hartutako neurriekin kanpokoari hesia jarriko diotelakoan muga kontrol eta osasun pasaporteekin. Ez dago ez etxekorik ez kanpokorik, edo, nahi baduzue mundu osoa bihurtu zaigu etxeko. Etsigarria da oro hartzen duen arazoari politikatik zein ikuspuntu murritzetik begiratzen zaion ohar-tzea. Esaterako, Modik, Indiako presidenteak, nazioaren kontrako propagandatzat jo ditu telebistetan ageri diren pandemiaren irudiak. Berriz ere Mikel Laboak kantatzen duen Bertolt Brechten bertsolerro hura ekarriko dut hona: denak ala inor ez, bakarka ezin da. Patenteak askatu orain!