IRKO handi bat bilakatu da aspalditik Espainiako politika, eta zirko horrek pailazo asko ditu. Zirko mediatiko itzela ere bihurtu da Madrilen gertatzen ari dena, Espainia osora erraz zabal daitekeena. Pandemiak dena baldintzaturik duelarik, Ayusok hauteskundeak egitea deliberatu du, eta zirku horretako oholtzara Pablo Iglesias agertu da faxismoaren kontrako borrokalari sutsu gisan. Handik hona zer gertatu den badakigu. Tai gabeko liskarrak izan dira sasi-politikari horien guztien artean, hiru letra nazkagarri dituen alderdiak bere gorrotoa, xenofobia eta arrazismoaren ikurrak modu lotsagarrian zabaltzen eta besteen kontra erabiltzen hasi den arte.

Hedabideek goratu dituzte faxismo horren atzean dagoen jendilajearen figurak. Lehen gutxi ziren, eta hutsala beren mezua. Orain, ahoa zabaldu orduko ehunka kamera eta kazetari daude alderdi faxista horrek zein astakeria botako duen zain. Hedabideak dira errudunak, sentsazionalismo politikoaren bila ibili baitira. Eta kazetariak ezin dira gehiengo politiko bat duten alderdien morroi informatiboak izan, demokraziaren kontra jarduten dutenak ere salatu beharko lituzkete.

Auzo-lotsa sentitzen da. Akaso Diaz Ayusok bota-tzen dituen astakeriak ez dira politika bera deslegitimatzen duten inozokeria neurtuak? Akaso bere lerdokeria ez ote da nahikoa arrazoi jaramonik batere ez egiteko? Bere supremaziak eta egozentrismoak zerbait onuragarri ekarriko ote diote Madrileko populuari? Eta gero ultraeskuindarrak agertu dira. Beren erradikaltasunean atzerriko gazte oro lapur gisan hartzen dituzte, amona atsegin batekin konparaturik. Faltsukeria eta gezurra dira bere diskurtso politikoaren oinarriak. Besterik ez dakite egiten, eta ezegonkortzea bilatzen dute behin eta berriz.

Baina PP alderdiak faxistekin egingo du ituna, gobernatzea (berdin da norekin) garrantzizko kontua baita Madrilen.

Zirko horretako pailazo guztiak karpapean daude, eta bakoitzak bere tontakeriak egiten ditu.

Eta niri pailazoek beldurra ematen didate.