Zirrikituetatik begira

Kirola eta natura

22.04.2021 | 01:14
Kirola eta natura

EZ dakit ezer futbolaz. Tira, oinarrizko kontuak bai, eta telebistaren inpaktu astunaz entzuten direnez ere jabetzen naiz, baina ardurenean ez diot arreta handirik jartzen. Albistegietako berriak oso aspergarriak dira: "Gaur entrenamenduan Urlia lesionatu da€, Sendia jokalariak dio€, Berendiaren iritzia gaurko partiduaz", eta abar. Futbola baino ez dago eguneroko albistegietan, eta benetan, hainbesteko interesa du futbolak?

Egunotan baina piztu zait kuriositatea Florentino Perez Real Madrileko presidente larderiatzaileak mahai gainean jarri duen Superligaren kontu grutesko horrekin.

Kalapita sortu duen detonanteak ez du kiroltasunetik ezer, eta ostera, badu bolumen handia parametro ekonomikoetatik.

Superliga horrek super-ekipoak (garestienak, jokalari galaktikoak edukitzeko diru kantitate galaktikoak mugitzen dituztenak) bildu nahi ditu, futbol kirol gisa maite duten beste guztiak atzean utzita. Futbola ez baita hemendik aurrera aurkari baten kontra irabazteko edota galtzeko egiten den kirola, diru-irabazi itzelak sortuko duen eta neoliberalek gidatuko duten beste makroenpresa bat baizik. Gaur egungo futbola batzuentzat negozio itzel lotsagarria da. Orain jet society baten neurrirako lehiaketa bat muntatu nahi dute, dirua hobeto mugitu eta handitu dadin.

Zorionez, badirudi proiektuak ez duela aurrera egingo. Halarik ere, bere itzalak pixkanaka herri askotako futbol zelaiak ilunduko ditu ekonomiaren gosea gero eta jaleagoa baita.

Egunotan ere, baina leku gertuago batean, ekonomia agresibo kapitalista horrek burutu nahi duen beste sarraski batez jabetu naiz. Nafarroako Lekarozen golf zelai bat, luxuzko hotel bat eta 200 etxebizitza eraiki nahi dituzte bertako natura zoragarriaren espazio hura betiko suntsituz. Horren kontra herria altxatu da, eta ekologista eta herritar andana bildu dira bertako natura desagerrarazi nahi duten indusketa makina hondeatzaileen aurrean lanak galarazteko.

Eskrupulurik gabe merke saldu nahi dituzte kirola eta natura betiko dirudunek lasaiki goza ditzaten.

Más información

noticias de deia