Zirrikituetatik begira

Suezko apokalipsia

31.03.2021 | 00:46
Suezko apokalipsia

SUEZKO kanalean gertatu dena, mundu megamoderno honetako gertakari megamoderno gehienak bezala, sinbolikoegia da; hain sinboliko ezen ez dakigun zeren sinboloa izan daitekeen, hau guztia zerbaiten sinboloa izango delako, ezta? Ez genuke segundo bakar bat jasango norbaitek (nork, baina?) esango baligu Suezko kanalean gertatu dena ez dela Gertakari bat, ez dugula Deleuze zertan aipatu behar, eta kontua aurreikus zitekeen istripu bat, hamaika istripuren artean istripu bat, baino ez dela. Ai, baina beste norbaitek gogoratuko digu istripuak ere sinbolikoak direla eta hori guztia, gizakiok izaki sinbolikoak garela eta puntu mugiezin berberean egongo ginateke berriro ere.

Antzinatean ere Erroman eta Italian jendea gosez hiltzen zen Egiptotik (Egipto berriro ere) gariz beteta zetozen itsasontziak atzeratu edo honda-tzen zirenean. Manilako galeoia Acapulcora berandu iritsi edo ez iristeak zailtasun ekonomikoak ekartzen zizkion Espainiako Inperioari. Gaur egungoa handiagoa da, globalagoa: Suezko kanala oztopatu duen zamaontzia Ikeako dendetarako altzariz beteta zegoen, beste gauzen artean, irakurri dudanez, eta edonork daki Ikearik gabe ez garela ezer.

Koronabirusa eta gero, Suezko kanala. Eta orain? Bada hirugarren katastrofe bat iragartzen ari dena (hiru ere oso zenbaki sinbolikoa da), baina ni lasai egongo nintzateke, kapitalismoa bezainbeste gutxienez, zazpigarrenera iritsi arte (zazpi hiru baino sinbolikoagoa da eta apokaliptikoagoa, betidanik).

Txantxa da aurreko guztia, lasai. Nik pentsatzen dut apokalipsia aspaldian dagoela gure artean, apokalipsia ez dela modu ikusgarrian iritsiko zaigun hondamendi hollywoodtarra, baizik eta suntsiketa geldo, isili, gris eta tematia, noizbehinka Suezko bezalako une distiratsuak dituena, batez ere memeak egiteko erabiliak.

Zamaontzi horietan lan egiten dutenen baldintzez irakurtzen aritu naiz, telebistan kapitain bati en-tzun ondoren. Geroago, Aida operaren zati batzuk entzun ditut, Suezko kanalaren inaugurazioa zela-eta eman zuten lehen aldiz Kairon. Hori ere zerbaiten sinboloa izango da.

Más información