5 urte igaro dira ETAk Montxo Doral hil zuenetik. Ertzaina, abertzalea, aita. Igeltseroa eta españolista izan balitz, eta haurrik izan ez balu, berdin-berdin salatu beharreko basakeria, etika falta eta larritasun berbereko ekintza. Ulergarria da geografikoki zein ideologikoki gertuko dugun norbaiten hilketak zirrara handiagoa eragitea, onartezina irmotasun berberaz ez gaitzestea.

Montxo ez nuen ezagutzen, baina hilketa hark boztizki inarrosi ninduen. Ondorengo egun eta asteetako zurrunbilo mingarrian, bi bidetatik etorri zitzaizkidan Montxoren oroimenezko bertso eske. Eskaeretako bat ezagun batek egin zidan, telefonoz. Beste eskatzailearekin aurrez-aurre geratu nintzen. Egun hartan besterik ez nuen ikusi. Handik bost urtera tiroz hil zuten. Mikel Uribe ertzaina zen.

Mikel hil ostean, beste pertsona batek eskatu zidan hitzordua. Bi agertu ziren; bata gizonezkoa, bestea amakumea, biak ertzainak. Pentsatzen nuen moduan, Mikel Uriberen oroimenezko bertso bat eskatu zidaten. Elkarrizketaren une batean, inolako zehar-asmorik gabeko galdera egin nien: "eta nor jarriko dute orain Mikel Uriberen postuan?" Erantzun arteko bizpahiru segundoak amaigabeak iruditu zitzaizkidan. Emakumearen ahotsak hautsi zuen isiltasuna: "ni".

Hari makabro horrek ez zuen, zorionez, beste bertso-eskerik ekarri. Egunotan, baina, Montxoren hilketaren urtemugak berritu dizkit bizipenok. Ez daukat aztarrenik zenbat bertso egin edo kantatu behar izan ote ditudan hildakoren baten senide, lagun edo lankideen eskariz. Norberarentzat ere lazgarria izaten da, nahiz eta askotan hildakoarekin ezagutzarik izan ez. Izan ere, lan horrek gehien sufritzen ari direnen larruan sar-tzera behartzen zaitu. Ez dago heriotza errazik, ez bortxaz erauzitako bizitza bat bezain bidegabe eta izugarririk ere. Bertsoak lausotu egiten dira denborarekin, sentipenak ez.