IRE lagunak dio errealitatea aztertzeko batzuetan hobe dela zooma urruntzea, hurbiltzea baino. Eta, parean duen kafeari bueltak eman bitartean, argudiatu du askotan gertatzen zaiguna ulertzeko geure burua psikologikoki aztertzen dugula, arreta gure sentimenduetan eta jarreretan jartzen dugula€, eta hori ez dagoela gaizki, baina ez dela nahikoa. Zooma gure burmuin eta bihotzetatik urrundu behar dugula dio, non bizi diren ikusteko, ez baitute beraiek gertatzen zaienaren erru guztia.

Nire lagunak dionez, gero eta gehiago bilatzen ditugu gure arazoen konponbideak geure burua banaka aztertuz, leku jakin batean bizi ez bagina bezala, inguratzen gaituenak gure bizitzetan inolako eraginik izango ez balu bezala. Eta horrela, azkenean uste dugu gure gorputzarekin senti dezakegun ondoezaren soluzioa dieta egitea dela, gure estresa gainditzeko bidea yoga egitea dela edo lantokian gaizki tratatzen gaituen nagusi batek sortzen digun ezinegona psikologoarengana joanez konpondu dezakegula.

Nire lagunaren arabera, baina, pertsona baten errealitatea ulertzeko, ezinbestekoa da kontuan hartzea zein testuingurutan bizi den eta haren erabakiak baldintzaten dituzten beste hainbat faktore, hala nola, bere sexua, arraza, egoera fisikoa, estatus soziala, egoera ekonomikoa, lan-egoera, etab. Hori guztia ezagutu gabe ezin dela pertsona baten egoera ezagutu eta are gutxiago bere arazoei irtenbiderik eman.

Zuk ez duzu gertatzen zaizunaren erantzukizun osoa, esan dit. Agian ez da zure gorputza gaizki dagoena, agian gizarteak ezinezko edertasun-kanonak ezartzen dizkizu; agian zure estresaren irtenbidea ez da yoga ikastaro bat, antolaketa sozial eta ekonomikoaren eredu zoro honen aldaketa baizik; agian zure nagusiak jasanarazten dizkizun tratu txarren konponbidea ez dago psikologoaren kon-tsultan, sindikatuaren bulegoan baizik.

Lagunak dio batzuetan zooma urrunduz hobeto ulertzen direla arazoak, zein nolako gizartean eta egoeretan sortzen diren ikusiz. Goitik begiratu behar zaiela arazoei, berak dagoeneko hoztu zaion kafesneari begiratzen dion bezala.