SPAINIAKO demokrazia osoan/betean hartu den azken erabakietako bat zera izan da: Roger Torrent joan den legegintzaldian Kataluniako parlamentuko presidente zena eta mahaiko gainontzeko kide subiranistak auzitara eramatea; Kataluniako fiskaltzak hori erabaki du Parlamentuak legez kanpoko bi ebazpen onartu zituela argudiatuz, autodeterminazio eskubidearen aldeko bat eta monarkia gaitzesten duen beste bat. Gauza da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak demokrazia osoz/betez debekatu ziola parlamentuari "bide orri independentista garatu" lezakeen edozer eztabaidatzea. Demokrazia osoak (beteak, piperrak bezala?) horrelakoak dira: eztabaidak ere debeka daitezke. Ni liluratuta nago demokrazia osoaren/betearen kontzeptuarekin. Egia esan, Espainiako Erresuman erabiltzen den hizkera politikoa dela eta, tesi mordoa egin daitezke: normaltasun demokratikoa, trantsizio eredugarria ("modélica"), demokrazia sendotua ("consolidada"), demokrazia osoa/betea ("plena") eta abar erronka dira politologo zein itzultzailearentzat. Nigan oroitzapen urrun lausotuak esnatzen dira demokrazia hitzari adjektibo horiek guztiak gaineratzen dizkiotenean, zeren txikitan "Formación del Espíritu Nacional" deitzen zen irakasgai batean ikasi egin behar bainuen bazirela demokrazia ez-organikoak (txarrak) eta organikoak (onak), eta Espainia demokrazia organikoa zela. Nik kimikarekin nahasten nuen dena, kimika organikoa eta kimika ez-organikoa bazirela ari bainintzen ikasten aldi berean; kimikarenari logika ikusten nion bitartean (kimika organikoa karbonoarena da), demokrazia organiko/ez-organikoarena ez nuen ulertzen. Baina berdin zion, hor ez geunden ezer ulertzeko (era berean, Espainia erresuma zela baina erregerik ez zegoela ulertzea zaila zen), buruz ikasteko baizik. Agian ez dugu zertan ulertu behar demokrazia osoarena/betearena, onartu egin beharko dugu, buruz ikasi, eta gero azterketetan, hau da, tertulietan, hedabideetan, demokrazia osoarena/betearena errepikatu hitzez hitz, ezer ahantzi barik, nota ona eta, beraz, beka, onarpena, lortu ahal izateko. Bestela, badakizu, idatzi biharko ehun aldiz "gurea demokrazia osoa da, oso-osoa". Edo betea, bete-betea, hutsez betea.