UZTIONTZAT egun berezia eta kontuan hartzekoa da biharkoa. Bihar, martxoak 3, World Wild life Day ospatzen du Nazio Batuak erakundeak, Larre-bizitzaren balio kalkulaezina lemapean. Basapiztiek eta landarediak gure bizitzaren arlo askotan dute eragina, hain da horrela ezen haiek gabe ez ginatekeen izango. Gizakiaren ongizatearen aldeko borroka isila burutzen dute tai gabe, eta gu, nola ez, konturatzeke.

Horretarako antolatu zen egun berezi hori, ekosistema horietan sortzen ari garen kalte eta suntsipen "kalkulaezinaz"ohartaratzeko, haien biziraupenean barneraturik baitago inplizituki gizateria osoaren onuraren gakoa.

Egun horretan gogoraraziko dituzte gizakiaren eragin maltzurrezburutzen diren delitu ekologikoak, bai eta animalien espezien murrizketa drastikoa ere. Eta biodibertsitatearen galera baino ez dela ematenpentsa litekeen arren, kalibre handiko ondorio larriak ere gertatzen dira arlo sozio-ekonomikoan.

Gure mundu berdearen oinarririk behinena basoek osatzen dute, eta globoaren heren bat dira. Gaur egun, ia mila milioi lagun bizi dira basoetatik, janaria zein babesa lortzeko ere. Baina espazio horretatik oinarrizko beharkizunak lortzeaz gain, inguru horrekin, bestelako harreman fisiko eta espiritual sendo bat gordetzen dute. Euren bizitza, basoen bizitza da, eta hein batean haiek badira, geu ere bagara.

Hortaz gestio ona, etiko eta morala beharrezkoa da gaur egungo garaietan, datozen urteetako bizi-giroa ilundu eta degeneratu nahi ez badugu; etorkizuna hemen baita, udaberriarekin batera deika.

Baina zoritxarrez beste batzuek edertasunaren deiaren ordez sosarekiko neurriz kanpoko egarria baino ez dute sentitzen, eta berdin zaie non edota zer hondatu behar den, baldin eta produktibitatea eta mozkinak dirutan neurtzen badira.

Duela aste batzuk irakurri nuen Zuberoa, Nafarroa Behera eta Lapurdiko basoak arrisku bizian egon daitezkeela, multinazional batek begia bota baitieustiapen suntsitzaileari ateak zabalik utziz.

Ea larre-bizitzaren garrantziaz jabetzen garen behingoz, bestela gureak egin du. Betiko.