Askoren poztasunerako independentistek botila erdi beteta daukate, botoen erdien langa gainditu baitute. Urratsez urrats emandako ibilbidean, independentismoa bere nagusitasuna erakusten ari da. ERCk, JxC Junts Per Catalunyak eta CUPek aurrera egin dute konstituzionalistek eta eskumako alderdiek galera sintomatiko xelebreak pairatu dituzten bitartean. Konstituzioaren markoak kale egin du. Porrot eta deskalabru handiena Ciutadans izan da, Arrimadas larderiatzailearen alderdiak 30 eserleku galdu baititu. Orbain beltz bakarra hiru letra dituen alderdi xenofobo, ultraeskuindar eta faxistaren agerpena izan da. Horra joan dira eskumako boto ezjakin asko, eta horrek eta parte-hartze txikiak ultraeskuindarrak hauspotu dituzte. Baina zorionez, ezkerreko alderdien ordezkaritzak gora egin du nabarmenki. Beste aldetik, bigarren albiste bat Galindo Guardia Zibileko jeneral torturatzailearen herio-tza izan da. Gainera zer diren gauzak! Torturaren aurkako Egunean Covid-19 gaixotasunak eraman du betiko. Horren ostean, bere omenezko esaldi denigranteak entzun behar izan ditugu Auzitegi Nazionalak makina bat urtetako zigorra ezarri zion tipo horren alde. Bere agindupean ia mila pertsona atxilotuak izan ziren, eta horietariko askok torturak jasan zituzten. Berak sekretu asko eraman ditu hilobira. Tamalgarriena da jokabide grotesko batzuk eta alderdi ultraeskuindarren ideia batzuk, demokratak balira legez, homologatu egiten direla inolako eskrupulurik gabe.