Zirrikituetatik begira

Gehiegikeriak

02.02.2021 | 00:54
Gehiegikeriak

DATA batzuk, ardurenean, gogoratzeko dira kontu positiboak gogorarazten dizkigutelako, agian poztasun izpi bat luzatzen digutelako. Baina data dramatiko eta apokaliptiko batzuk ere badira. Adibidez, aurreko igandean, urtarrilak 31, baina joan den urtean, Espainian azaldu zen koronabirusaren lehen kasua antzeman zen. Urte bete ilun bat iragan da handik hona.

Kanariar uharteetan izan zen, eta jatorri alemana zuen pertsona bat eritasun berri batek infektaturik agertu zen. Pixka bat lehenago, aurreko urtearen hondarretan, Wuhan hirian kasu kopuru ez oso handi bat "kontrolaturik" zegoen.

Egun horietan gaixotasun berriari izena jarri zioten: SARS-CoV-2. Itxuraz griparekin zituen an-tzekotasunek ez zituzten osasungintzako autoritateak beldurtu, eta hasieratik "dena kontrolpean dago", edo "Espainiara birus hori ailegatzeko aukerak oso murritzak dira", edo "Espainia prest dago edozein ezustekoren aurrean" bezalako leloak en-tzun bagenituen ere, birusak bere estrategia apokaliptikoaren espirala zabaldu zuen eta mundu osoa beldurtzen hasi zen.

Lehen gaixo haren ostean, Espainian ia hiru milioi kasu antzemango dira urtea bete ostean, eta hildakoen zifra pausuz pausu gorantz doa tai gabe. Lehen infekzio haren ostean, pandemiaren erruz urte berezia, tristea eta gogorra bizi dugu, alarmaz alarma eta konfinamenduz konfinamendu. Eta horretan segitzen dugu txertoaren balizko salbazioa heltzen den bitartean. Tartean, herrietako ekonomia txiki asko amildegitik behera desagertu dira; lanpostu pila hustu eta langile andana kalera joan dira tristeziak jota; eta aldiz, enpresetako gizonezko hegemoniko ahaltsuen makrozenbakien ifrentzuan dena dute alde.

Eta jende askok bizimodu duinik aurrera atera-tzeko ez duen egoera kaotiko honen barruan, negargura sortzen duen beste albiste bat: Messi futbolariarekin egindako akordio baten truke 555 milioi euro ordainduko dituzte. Gehiegikeria horrek lotsarazten du futbolaren mundua, eta kirola. Immoralitatea zabaltzen duen diru hori zikin dago, eta futbola ere bai.

Más información

noticias de deia